Itxi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

22:00ean

Olaberria, gaur gauean, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan

EITB

Zuhaitz eta Pagadi Gipuzkoako Goierriko herri honetako biztanleekin egongo dira.

0:27
Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga

Gipuzkoako Goierri eskualdera joango dira gaur Zuhaitz eta Pagadi 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan. Olaberrian nahasiko dituzte bazterrak, zehazki.

Pagadik Aitor ezagutuaz hasiko du eguna. Olaberriaren bi aldeak erakutsiko dizkio, oso herri aldakorra baita auzoaren arabera. Batetik, baserri munduak bustitako, eta, bestetik, industriak bultzatutako auzoa ezagutuko ditu Pagadik. Mirenen eskutik, aldiz, bertako herritarren ogi eta egunkari ohiturak ezagutuko ditu. Miren ogi banatzailea da eta Olaberriko baserriak bisitatzen ditu egunero. Ogia eta egunkaria banatzen lagunduko dio Pagadik. Ixidro eta Iker ere ezagutuko ditu, gazta egitetik bizi diren aita-semeak. Familiatik datorkie artzaintzarako joera. Ixidro aitak aurki utziko dio gazta ekoizteari, baina Iker semeak argi du familiako betiko ogibideari eutsiko diola. Ihurre auzora mugituta, bertako gasolindegiaren berezitasunak ezagutuko ditu Pagadik. Nagore bertako langilea da eta kontatuko dio, besteak beste, Olaberriko Gasogas gasolindegia ondare industrial berezia dela bai bere historiarengatik eta baita bere arkitekturagatik ere. Eguna Jokinekin bukatuko du Pagadik. Herriko kart zirkuituan makina bat ordu sartzen ditu eta lasterketa bat egingo dute elkarrekin.

Zuhaitzek, aldiz, Ixabel ezagutuaz hasiko du eguna. Ixabelentzat ezinbestekoa da jaterakoan ohitura errespetagarriak izatea. Bere ohitura zorrotzen lekuko izango da Zuhaitz. Txominen eskutik, berriz, ikasiko du maitasuna eta sukaldaritza uste baino lotuagoak daudela. Batean zein bestean, antza, kalitatea eta kantitatea ezinbestekoak dira. Eliza inguruetara mugituta, Miren ezagutuko du Zuhaitzek. Mirenek erakutsiko dio Olaberrian ezaugarri miragarriak dituen eskapulario bat dagoela: kuttuna. Azkenik eta bukatzeko, Rosa Mari ezagutuko du Zuhaitzek, iganderoko mezako kantuak prestatzeaz arduratzen den herritarra. Ordenagailuan kantuak prestatu eta pendrive batean eraman ohi ditu elizara hutsik egin gabe.

Elkarrizketa politak eta paraje ikusgarriak ezagutuko dituzte gaur 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.