Itxi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

22:00etan

Gasteiz, gaur gauean, 'Herri City' saioan

EITB

Arabako hiriburua bisitatuko dute Zuhaitzek, Pagadik eta Beñat Iturbe millenialak.

0:20

Joan den astean Bilbon izan ondoren, igande honetan Gasteizko kaleetan barrena murgilduko dira Zuhaitz Gurrutxaga, Mikel Pagadi eta Beñat Iturbe 'Herri City' saio berrian.

Zuhaitzek Arabako hiriburua hobeto ezagutu nahian hasiko du eguna. Gasteizko Plaza Berrian aurkituko ditu Pili eta Josu. Guardiatik (Araba) Gasteizera bizitzera joandako bizilaguna da lehenengoa; gasteiztar petoa-petoa, berriz, bigarrena. Bien laguntzaz, gasteiztarren izaera zer-nolakoa den ikertuko du Zuhaitzek. Bide batez, Gasteizek Euskal Herriari eta munduari egindako ekarpenak uste baino gehiago direla erakutsiko dute Zuhaitzek eta Pagadik platoan. Hiriko aldirietara mugituko da Zuhaitz gero, Otazu herrira zehazki. Gasteiz 63 herrixkak osatzen dute, eta horietako bat da Otazu. Bertan bizi da Oses, gaztaroan hiriaren erdigunetik aldendu eta bizimodua Otazun aurkitu duen bizilaguna. Ez da nolanahiko bizilaguna, ordea, alboka jotzeaz gain, albokak konpontzen dituen luthierra baita. Eguna bukatzeko, 1980ko hamarkadan Gasteizen izandako giro sozial eta oldarkorraren berri jasoko du Zuhaitzek. Herri mugimendu hartako kideetako bat izan zen Patxi Gartzia, eta berak kontatuko dizkio hamarkada mugitu haren xehetasun guztiak. Gainera, Josu Zabala Hertzainak taldeko kide ohiarekin egoteko aukera ere izango du Zuhaitzek.

Pagadik, bere aldetik, bere ohiko aldrebeskeria horietako batekin hasiko du eguna. Hasteko, Ajuria Enea jauregiko barrualdera sartuko da bazterrak nahastera. Hori bai, ustekabean, Iñigo Urkullu lehendakariarekin berarekin egingo du topo Pagadik. Abisatu gabeko bisita gisa hasiko dena egonaldi atsegin bihurtuko da Pagadirentzat horrela, lehendakariaren beraren eskutik Ajuria Enean ezkutatzen diren hainbat misterio ezagutuko baititu. Ajuria Enekoak, baina, ez dira Pagadik Gasteizen ezagutuko dituen misterio bakarrak. Hiriko kaleak misterio askoren iturri dira. Gainera, Paul Urkijo zinemagile gasteiztarraren eskutik, Sacamantecas Euskal herriko serieko hiltzaile ezagunenari buruzko kontuak ezagutuko ditu.

Beñat Iturbe 'millennial'ak, berriz, Gasteizi lotutako hainbat kontu friki ekarriko ditu. Hasteko, hirian aurkitutako 'post-egia'. Kalera irten eta herritarrei galdetuko die ea lehendakaria bizilagun adeitsua den. Trufa eta adarjotzeak ez dira faltako. Bestalde, 1980ko hamarkada oparo hura auzitan jarriko du Iturbek modu umoretsuan.

'Herri City' gaur izango da ikusgai, 22:00etatik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en.