Herri txiki, Infernu Handi
22:00etan
Donibane Garazi, gaur gauean, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan
EITB
Nafarroa Behereko hiriburuko auzokideak ezagutuko dituzte Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak.
Gaurko 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan Donibane Garazira joko dute Zuhaitzek eta Pagadik, Nafarroa Behereko hiriburua ezagutzera. Errobi ibaiaren ertzean dagoen herri eder honek 1.500 biztanle ere ez ditu, baina bertako kaleetan ohikoa da mundu osotik etorritako jendearekin topo egitea. Izan ere, Donejakue Bidea egin nahi duten erromes askoren abiapuntua da Donibane Garazi.
Zerbitzu eta ofizio asko daude erromes edo beilariei bideratuta, eta horietan bitxienetako bat ezagutuko du Pagadik: bidaiarien ekipajeak Santiago de Compostelara eramaten dituen Maialenena. Emakume honek harreman handia du erromesekin, eta, ondorioz, zenbait hizkuntza menderatzen ditu.
Hizkuntzez gain, Donibane Garazin beste fenomeno bitxi bat ematen da: ia gizonezko guztiek daramatela txapela edo boneta buruan. Kalean galdezka hasita, Pier topatuko du eta berak emango dio 'moda' honen arrazoia. Hain justu, bonetak saltzen dituzten herriko denda batera eramango du Pagadi, burua neurtu ostean, berak ere neurriko boneta izan dezan.
Dotore jantzita, eta astelehena azoka eguna izanik, posturik postu jarraituko du bere ibilbidea Pagadik. Bertan ezagutuko du Manex, arabiera ikasten orduak ematen dituen erlezaina. Ezti poto artean, Euskal Herriak arabiar munduarekin duen lotura azalduko dio, eta baita arabiera ikasten hasteko lehen lezioa ere.
Baina Pagadirentzat ez dira hor amaituko ezustekoak. Harresi ingurutik oinez dabilela, Mattin ezagutuko du, teoria oso bereziak dituen donibandarra. Mattinek azalduko dio, bere kalkuluen arabera, munduko mendirik garaiena ez dela Everest, Chimborazo sumendia baizik, Pagadiren harridurarako. Mattini, animalien inguruko dokumentalak ere gustatzen zaizkio eta Pagadiri aitortuko dio txoria dela gehien maite duen animalia, bere esanetan, "ez duelako arrastorik uzten".
Herri osoa zeharkatu ostean, Battitten leihopean amaituko du eguna Pagadik, erabat gosetuta. Donibane Garazin bizi den luzaidar hau Pagadiz errukituko da eta hamaiketako eder bat jaitsiko dio.
Zuhaitzek, bere aldetik, sabela ondo beteta hasiko du eguna. Merkatura joan aurretik, tabernan gosaltzen du herriko jendeak, eta bertan elkartuko da Martinekin eta haren lagun-taldearekin. Zuhaitz harrituta geldituko da donibandar hauek goizean goizetik egiten duten gosari galantarekin, eta are harrituago Martinen ateraldi eta umorearekin.
Tabernatik atera orduko, lanpetuta eta presaka dabilen Graxianak bereganatuko du Zuhaitzen arreta. Emakume honek zeregin asko dituela kontatuko dio eta horregatik dabilela beti presaka. Etxe barruko eta kanpoko lan asko egiten du Graxianak, eta denbora librean baita espainiera ikasi ere. Zuhaitzek, panorama ikusita, zerbitzari lanak egiten amaituko du, Graxianak bere burua zaintzeko denbora pixka bat hartu dezan.
Herrian barrena oinez dabilela ezagutuko du Maria Agnes, Irulegi Irratiko esataria. Maria Agnes albiste berezi bat ematera doa irratira. Izan ere, galdutako perruketa edo papagai bat azaldu da herrian, eta jabearen bila dabiltza. Zuhaitzek, Sherlock Holmes bera balitz bezala, 'galdutako perruketaren kasua' argituko du, arrakastaz.
Astelehen goizez merkatu eguna ospatzen da Donibane Garazin, eta arratsaldean trinketean biltzen da herri osoa. Zuhaitz Albertekin sartuko da pilotalekura, eta harekin ezagutuko ditu txoko guztiak. Une batez, apustulari edo pariogileen artean sartzera ausartuko da. Han ezagutuko du Antoni apustularia, eta berak kontatuko dio apustua irabazi ezean gorriak ikusiko dituela etxean emaztearekin.
Eguna amaitzeko, Delphine ezagutuko du. Izen bitxia irudituko zaio Zuhaitzi, eta galdezka hasita, izenaren atzean dagoen istorio bitxia ezagutuko du. Irakasle lanetan aritutako emakume langile honek Jean de La Fontaine idazle frantziarraren alegia edo elezaharrak itzultzen ditu euskarara. Sutondoan goxo-goxo jarrita, inori sekula irakurri gabeko alegia bereziena kontatuko dio Zuhaitzi.
'Herri Txiki, Infernu Handi' igande honetan izango da ikusgai, 22:00etatik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en.
TB1en.