Itxi

Gure Doinuak

Gure Doinuak

Gure Doinuak

22:30ean

'Gure Doinuak' saioaren estreinaldia, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en

EiTB

Euskal Herrian barrena belaunaldiz belaunaldi gorde diren abestien bila arituko da astero Onintza Enbeita. Benito Lertxundi izango du lehenengo gonbidatua.

0:27
Benito Lertxundi eta Onitza Enbeita

Euskal lurraldeek txoko ezkutu asko dituzte, eta txoko ezkutu horietan badira belaunaldiz belaunaldi gorde diren abestiak. Kotxea eta bidelagunak hartuta, horien bila ibiliko da Onintza Enbeita 'Gure Doinuak' saio berrian. Gaurtik hasita, asteazkenero izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en. Benito Lertxundi izango da lehenengo gonbidatua.

Euskal Herrian barrena ibiliko da Onintza Enbeita bertsolari eta kazetaria, bailara bakoitzeko pertsonaia ezagun baten konpainian, bertako doinu eta abestien peskizan. Ahoz aho transmititu diren kantak ekarriko dituzte gogora, baita kopla zaharrak eta lanbide eta ofizioekin lotutakoak ere. Halaber, tokiko talde ezezagun edo ospetsuen abestien bertsioak egingo dituzte.

Musikaz gain, baina, istorio pertsonalen bila arituko da 'Gure Doinuak' saioa. Musika eta euskal kulturgintza modu anonimoan jorratu duten pertsonengana hurbilduko dira, musika ogibide izan ez arren, bizibide duten pertsonekin abestuko dute, edo euskal musikaren ondarearen zaindari izan diren euskaldun zaharrak eta berriak ezagutuko dituzte.

Lehen programan, euskal musikaren figura nagusia izango dute: Benito Lertxundi. Orioko bardoa autoan hartuta, Oria ibaiaren ertzetan, itsasoari eta bale ehizari eskainitako abesti eta doinuak izango dira protagonista. Zarauzko jubilatuekin abestuko dute, eta Imanol Urbietaren kantagintzari so egingo diote. Eta dena, Benitoren ibilbide musikal zein pertsonalaren inguruan hitz egiten duten bitartean.

Besteak beste, Gari eta Ines Osinaga abeslariak eta Eneko Sagardoy eta Aitziber Garmendia aktoreak izango dira 'Gure Doinuak' saioko gonbidatuetako batzuk.