Itxi

Go!azen

Go!azen

Go!azen

Go!azen

'Go!azen'en denboraldiko azken atala Hendaian estreinatuko da gaur arratsaldean

EiTB

Seaskak antolatzen duen Herri Urrats jaiaren baitan, aurten ere emanaldi berezia izango dute Antoine Abadie gelan, 18:30ean.

1:24
'Go!azen' eta Herri Urratsen elkarlanaren aurkezpena

"Go!azen 6.0" saioaren denboraldiko azken atala Hendaiako Antoine d'Abbadie d'Arrast gelan estreinatuko da gaur, 18:30ean, Seaskaren eskutik. Azken atal hori, halaber, hurrengo egunean izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, 21:00etan. 

Seaskak, Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak, antolatzen duen Herri Urrats jaiaren inguruan hainbat ekitaldi izango dira, eta aurreko bi urteetan bezala, 'Go!azen'en denboraldiko azken atalaren emanaldia aurrez estreinatuko dute. Herri Urratsen ekitaldien baitan, halaber, Izaro abeslariak kontzertua eskainiko du martxoaren 27an. 

Horien guztien aurkezpena astelehen honetan, otsailaren 17an, egin dute Baionan, eta, besteak beste, hauek izan dira bertan: Ihintza Bidart Seaskako koordinatzailea, Josu Bilbao ETBko Fikzio Edukien arduraduna, Xabier Zabaleta Pausokako Proiektuen burua, Danae Riaño eta Lorea Intxausti "Go!azen"eko aktoreak eta Izaro Andres abeslaria. 

Basakabi udalekua ardatz hartuta, bertako ikasleen istorioak kontatzen ditu 'Go!azen'ek abesti eta dantza artean. Gaztetxoenen artean arrakasta eta oihartzun handia du telesailak denboraldiz denboraldi. Ikasturte honetan, esaterako, ikus-entzuleei dagokienez, lider izan da 4 eta 12 urte bitarteko ikusleen artean % 34,6ko audientzia-zatia eskuratuz. 

Aurten ere, hainbat modutara jarrai daitezke Basakabi udalekuan gertatzen diren abenturak. Telebistan eta Interneten ostiralero atal bat emateaz gainera, Go!azen APP aplikazio arrakastatsuak telesailaren eduki guztiak eta beste eduki osagarri batzuk eskaintzen ditu. 

Maria Redondo izan ezik, gainerako aktoreak berriak izan dira denboraldi honetan. "Bago!az" saioko irabazlea izan zen Dánae Riañorekin batera, Esti Lopez, Markel Sainz, Kimetz Renteria, Xabi Rodríguez, Andrea Mora, Nikola Zalduegi, Lorea Intxausti eta Xanti Korkostegi dira oraintxe bertan telesailaren protagonista gazteak. 

Hainbat garaitako euskal abesti ezagunak entzun ahal izan dira telesailean, talde eta artista hauenak, esaterako: Deliriums Tremens, Betagarri, Niko Etxart, Esne Beltza, ETS, Huntza, Maider Zabalegi, Skakeitan, Sorotan Bele, Lor, Modus Operandi, Izaro, Enkore, Gatibu eta Ken Zazpi

Telebistaren mugak gainditu dituen fenomenoa da "Go!azen", antzezlan, musika eta dantza emanaldi, disko eta liburu formatuan ere segida duena.  

Sorpresaz beteriko azken atala 

Telesailaren azken atalean, sorpresak ugari izango dira, eta hainbat korapilo askatuko dira bertan. 

Hartara, azken kapituluan, Maddi ez da Igorrek egindako mehatxuen aurrean kikilduko, eta autoa lapurtzea bien artean erabaki zutela aitortuko du. Igorrek, baina, errepresalia gisa, Maddi "Matxalentxu txizatia" dela jakinaraziko du. Bestalde, Telmo, look berriarekin, Desiren aurrean galai bat bezala portatuko da, baina horren planta eta itxura dotorea ezerezean geldituko da erle batek zizta egin ondoren. Ziztada horrek, gainera, alergia eragingo dio. 

Enekok ere ezustekoa izango du: antzerki emanaldiaren aurretik azken entseguetan dabilela, aitaren bat-bateko bisita izango du gelan, maleta egiteko aginduz. Halaber, Enekok jakingo du Igorrek aitaren aurrean salatu, eta Gaboren kartela jarri zituela. Horren ondorioz, elkarren arteko adiskidetasuna haustea erabakiko du. 

Azken atalaren aurrestreinaldirako sarrerak 

'Go!azen'en azken atalaren aurrestreinaldirako sarrerak erosteko www.herriurrats.eus webgunera jo behar da. Otsailaren 20an izango den emanaldian, telesail arrakastatsuaren aktoreak egongo dira abestu eta zaleekin argazkiak ateratzeko.