Go!azen
5. atala
Anderren eta Gariren arteko istilua, gaur gauean, 'Go!azen'en
EiTB
Batetik, bera izorratzen Ander aritu dela jakingo du Garik, eta, bestetik, Joko Olinpikoak antolatu ditu Zuzenek 21:00etan hasiko den atal berrian.
Anderren eta Gariren artean liskarra izango da gaur gauean, 'Go!azen 5.0' telesailaren bosgarren atalean. Bestetik, Zuzenek Joko Olinpikoak antolatu ditu udalekuan.
Hainbat egunen ondoren, azkenik, Gari jabetuko da Ander izan zela komunean itxita utzi zuena eta edarian laxantea bota ziona. Orain arte, broma astunak egiten zizkion ezkutuan, baina aurrez aurre jatorraren itxura egiten zuen Anderrek berarekin. Atal honetan, ordea, gauzak aldatu egingo dira, eta denen aurrean erakutsiko du Anderrek Gariri buruz duen iritzia. Baina zergatik? Aurretik ezagutzen zuten elkar?
Bestetik, Basakabiko Lehen Joko Olinpikoak antolatzea bururatuko zaio Zuzeni, gazteen animoak baretze aldera. Ikasleak bi taldetan banatuko dira (basahuntzak eta basakatuak) eta hainbat proba egingo dituzte: herri kirolak... Lehia gogorra izango da bi taldeen artean eta inaugurazio ekitaldia ere izango dute!
Liskar eta lehia artean, ordea, maitasun kontuak ere pil-pilean daude. Gari bikote harremanean ahalegin bat egiten ari denez, Elik ere sentitzen duena adierazteko beharra izango du. Kosta egiten zaio, ordea, ez baita batere erromantikoa; eta modurik egokiena bilatzen saiatuko da.
Naiak, berriz, bere burua argitu nahi izango du eta ez da erraza izango. Batetik, Alexekin ia egunero hitz egiten du, eta, bestetik, Julenek ez du etsi nahi, eta iaz bizitako une polit asko ekarriko dizkio gogora.
Ikusi 'Go!azen' ostiraletan, 21:00etan, eitb.eus-en eta ETB1en. Aurreko atalak, berriz, EiTB Nahieran atarian daude ikusgai.