Gailurra Xtreme
22:30ean
'Gailurra X3EM' saioaren estreinaldia, gaur, ETB1en
EITB
Orain arteko erronkarik gogorrenei egin beharko diete aurre 22 lehiakideek: Andorrako Encamp herriaren eta Hiru Erregeen Mahaia mendi tontorraren arteko 400 kilometroko mendi lasterketa.
Gaur gauean, 'Gailurra Xtreme' saioaren denboraldi berria estreinatuko du ETB1ek. Aurten Hiru Erregeen Mahaian, Euskal Herriko mendi garaienean, amaituko da 12 etapa iraungo duen lasterketa, eta aurreko edizioetan proposatutako erronka baino gogorragoa izango da, kilometro eta partaide gehiagorekin. Ibon Gaztañazpik aurkeztuko du abentura realitya, eta Gari Aristegi fisioterapeuta eta Alberto Ayerbe lasterketaren arduraduna izango ditu lagun.
22 lagun abiatuko dira Andorrako Encamp herritik, eta Pirinioetan barrena 400 kilometroko ibilbidea egin ondoren, Nafarroako Hiru Erregeen Mahaia mendiko gailurrean amaituko dute. Pirinioetako kilometrorik gogorrenak dira, mendilerroaren tarte zentrala zeharkatzen dutelako.
Aurtengo denboraldiak muturreraino eramango ditu lehiakideak, eta kemen handia erakutsi beharko dute mota guztietako zailtasunei aurre egiteko. Aurreko edizioetan baino baldintza gogorragoak izango dituzte, saioa maiatzaren amaieran grabatu baitzuten. Lehiakideek izotzari eta elurrari egin beharko diete aurre, 2.200 kilometrotik gorako kotatan.
Pirinioetako ingurumenen edertasunetik harago, lehiakideek biziko duten askatasuna, errespetua eta tentsioa izango dira nagusi saio osoan zehar. Lehiakideen artean, bakar bat bihurtuko da 3EMko errege edo erregina.
Osteguneko lehen atalean, abenturaren gakoak emango ditu Ibon Gaztañazpik, eta lehen etaparen aurrerapena eskainiko du. Hurrengo ostegunean, irailaren 13an, Andorrako Encamp herrian hasiko den lehen etapa izango da ikusgai.
'Gailurra X3EM' gaur izango da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.