Itxi

Euskalonski

Euskalonski

Euskalonski

22:00etan

'Euskalonski' Tokion izango da gaur gauean

EiTB

Pello Reparaz aurkezleak Japoniako hiriburua ezagutuko du, bertan bizi diren hainbat euskalonskiren eskutik.

0:28
Pello Reparaz, Tokion.

'Euskalonski' saioan, Pello Reparazek Tokio bisitatuko du, Japoniako hiriburua.

Bidaia hasteko, Hiromi euskalonskiarekin egin du hitzordua, bi lagun oso berezi aurkeztuko dizkiolako. Udaberritxu eta Arantxu txakurtxoekin animalientzako ile-apaindegi bat bisitatzeko aukera izango du.

Ondoren, Kichijoji geltoki ondoan, Sho Hagio euskalonskiarekin egingo du bat, bere auzoko barazki-denda bitxi eta tipiko bat ezagutzeko. Metropoli handia izan arren, hiri honetan ohiturei eusteko grina dute, eta horrela ikasiko du Gorka Gerediaga berriztarrarekin Senso Ji tenpluan.

Hiriko zentrora bueltan, Iñaki Zulaikak Nissan enpresako lankideekin afaldu eta karaokera joateko gonbita egingo dio Pellori, eta, gainera, lehiaketetako autoei buruzko sekreturen bat ere jakin ahal izango du.

Egunero-egunero milioika lagunek zeharkatzen dute Shibuyako bidegurutzea, eta horrela egingo du Pellok Masayuki Ishizukarekin, oso euskara berezia egiten duen lagun japoniarrarekin.

Azkenik, Tadayosi Himeda zinemagile garrantzitsuaren Ama lur filma ikusiko du Pellok euskalonskiz inguraturik, eta, pena handiz, neoiz betetako hiria atzean utzita egingo dio agur hiri berezi honi.

'Euskalonski' gaur izango da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.