Euskalonski
22:30ean
'Euskalonski' Buenos Airesen izango da gaur gauean
EITB
Pello Reparazek Argentinako hiriburuko kaleak ezagutuko ditu bertan topatuko dituen hainbat lagunekin.
Gaur gauean 'Euskalonski' saioan, ozeanoa zeharkatu, eta Hego Amerikako metropoli handienetako batean lur hartuko du Pello Reparazek, Buenos Airesen, hain zuzen ere.
Hiria ezagutzen hasteko, toki ezagunenetariko batera joango da Pello, Bego Tiserarekin, La Boca auzora, eta etxe koloretsuen artean hizkuntza unibertsal bat dutela erakutsiko dio. Cortazar eta Borgesen hiria izanik, munduko liburutegi politena bisitatuko du Anabel Jaureguirekin, El Ateneo Gran Splendid harrigarria. Antzoki guztiak zenbatuta, 187 daude Buenos Aires osoan, eta horietako bat ezagutuko du Pellok, Marcela Indaren eskutik: Teatro del Pueblo antzoki zahar, txiki eta ederra.
Obeliskoaren albotik paseatzen ari direla, euskalonski batzuk topatuko ditu Pellok, eta euskaldunengan oihartzun berezia sortzen duen toki bat ere ezagutuko du, Maiatzeko plaza. Hango ama eta seme-alaba desagertuen istorioa oso ongi ezagutzen du Sebastian Amayak. Beltzez markatuta egon arren, Emilio Saenzek Fuerte Apache auzoan zoriontsu izatea ez dela utopia bat erakutsiko dio. Sabrina Otegui irakasleak Argentinako unibertsitatearen egoeraz hitz egingo dio Mafaldaren estatuaren ondoan, eta, bidaia bukatu aurretik, aspaldiko laguna duen Jaime Encinas managerrarekin haragia argentinar erara prestatu eta dastatzeko aukera izango du.
Tangoa abestu eta dantzatu ondoren, maletak prestatu eta hegazkina hartzeko ordua iritsiko da.
'Euskalonski' gaur gauean izango da ikusgai, 22:30ean, eitb.eus-en eta ETB1en.