Eitb Kultura
Gaur, ETB1en eta ETB2n
Zientzialariak zientzia-fikzioari begira jarriko ditu 'EiTB Kultura Transit' saioak
EITB
Horrez gain, Aitor Arregi zinemagilearen kultur gomendioak eta Mobydicken musika eta hitzak ezagutuko dituzte.
-
'E.T., The Extra-Terrestrial' filmeko irudia. Argazkia: 'La Noche De...'
Zientzia eta zinema, Aitor Arregi zinemagilearen kutunak eta Mobydicken musika eta hitzak kobazulo batean izango dira 'EiTB Kultura Transit' saioaren gaurko eduki nagusiak.
Gaurko zientzia-fikzioa biharko zientzia izan daiteke batzuetan; besteetan, metafora hutsa da. Zientzia eta zinema bigarren urtez elkartu dira Euskadiko Filmategiak eta Donostia International Physics Centerrek antolatu duten zikloan. Zientzialarien azalpenen laguntzaz, azken urteotako zientzia-fikzioko lanak eta klasikoak eskaintzen ari dira Donostian eta Bilbon 'Ezezaguna: Zinema eta Zientzia' zikloan.
Zientzialarien ikuspegira hurbildu nahian, 'EiTB Kultura Transit'ek Pedro Miguel Echenique, Aran Garcia-Lekue eta Gines Morata elkarrizketatu ditu. Filmategiko zuzendariarekin ere hitz egin dute, zinemak, beste gai askoren artean, espazioa eta adimen artifizialarena nola jorratzen dituen aztertzeko.
Aitor Arregi: Kutunen zakua
Zinema da Aitor Arregiren ogibidea, baita pasioa ere; gainetik kendu ezin duen zama gozoa. Oñatiko Kultur Etxera eraman gaitu eta bere kutunak izan ditu hizpide; besteak beste, Stanley Kubricken filmografia, Spielberg eta Harkaitz Canoren azken obrak, baita Anariren musika eta Fincherren Zodiac filma ere.
Sortzaileak atalaren protagonista: Mobydick
Eneko Mobydick da Eneko Burzakoren ezizena. Hainbat urtez isilik egon bada ere, azken urteotan musikagintzan urratu du bere bidea; bakarka, gitarra eta ahotsaz lagunduta.
Kobazuloan eroso sentitzen dela dio, musikaren gordintasuna nagusi delako bertan. Beraz, kobazulo batean elkartu dira musikariarekin, ezin bestela izan. Ruper Ordorikaren 'Zure ate ondoan' kantuaren bertsioa eskainiko du.
'EiTB Kultura Transit' ostegun gauetan izaten da ikusgai ETB1en (23:40) eta ETB2n (00:05), baita eitb.eus-en ere.