Eitb Kultura
Gaur gauean, ETB1en eta ETB2n
Argazkilaritza eta globalizazioa, denboraldiko lehen 'EiTB Kultura' saioan
EITB
Getxo Photo nazioarteko argazkilaritza festibala bisitatuko du saioak, eta Iñigo Sesma margolaria izango da Sortzaileak ataleko protagonista.
Globalizazioak argazkilaritzaren munduan duen eragina aztertuz ekingo dio denboraldi berriari 'EiTB Kultura Transit' saioak. Getxoko kale eta aretoak zeharkatuko ditu Getxo Photo festibalaren karietara. Nazioarteko irudi jaialdiak erakusten dituen argazki erraldoiek ingurumenaz, teknologia berriez, elikaduraz, turismoaz eta espazioaz hausnarketa egiteko parada eskaintzen dute. 23 artistaren lana erakutsiko du, urriaren 1era bitartean.
'EiTB Kultura Transit' saioak herri osoan zehar zabaldu den 'Trantsizioak' izeneko erakusketa handia ezagutuko du, Monica Allende komisarioa eta bertan parte hartzen duten bi artista, Mandy Barker eta Monica Alcazar-Duarte, bidelagun dituela.
Mandy Barker britainiarraren lanek ingurumenaren arazoaz jabetu nahi ditu herritarrak. Munduko hainbat hondartzatan bildu dituen plastikozko hondakinak erabili ditu bere argazki ederrak egiteko. Mónica Alcazar-Duarte argazkilaria, berriz, teknologia berrietan barrena murgildu da, 2030. urtean Martera bidaiatuko duten zientzialari batzuen erretratua eginez.
Denboraldi honetan ere, Sortzaileak atala izango dugu saioan. Iñigo Sesma margolaria izango da lehen protagonista. Donostiako artista gazteak errealismoa lantzen du, berak ateratzen dituen argazkietan oinarrituta margotuz. John John izeneko bere lana Londresko National Portrait Galleryko erretratuen lehiaketa garrantzitsuenean parte hartzeko aukeratu dute: The Portrait Award BP 2017 lehiaketan, hain zuzen ere. Sesmak bere estudioko ateak irekiko dizkio 'EiTB Kultura Transit' saioari, datorren urteko udan Los Angelesen egingo duen erakusketa prestatzen ari denean.
Denboraldi berri honetan, 'EiTB Kultura Transit' saioak euskal sortzaile berrien lana ezagutuko du, hainbat alorretan ibilbide luzea duten artisten ekarpenak ahaztu gabe. Gainera, Euskal Herriko kultur aretoak, galeriak, antzokiak, zinema aretoak eta kontzertuak errepasatuko ditu, kulturaren munduko barrunbeak eta nobedadeak erreportaje berezien eskutik erakusteko.
'EiTB Kultura Transit' ostegun gauetan izango da ikusgai ETB1en eta ETB2n.
ETB2n.