Itxi

Biba Zuek

Biba Zuek

Biba Zuek

18:00etan

Aritz Erkiaga eta Jon Zabala, Jai Alai Winter Serieseko txapeldunak, gaur arratsaldean, "Biba Zuek!" saioan

EITB Media

Saioa hasteko, Bizipoza proiektuko ADEMGI elkarteko kideak izango dituzte platoan, Esklerosi Anizkoitzaren inguruan hitz egiteko. Anari musikaria ere hartuko dute programan, elkartearen abestian parte hartu baitu.

  • Aritz Erkiaga eta Jon Zabala, EITBren sariarekin

    Aritz Erkiaga eta Jon Zabala, EITBren sariarekin. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Gaurko "Biba Zuek!" saioan Aritz Erkiaga eta Jon Zabala puntistak izango dituzte gonbidatu. Bukatu berri den Jai Alai Winter Series zesta punta lehiaketako txapeldunak dira.

Martxoaren 20an lehiatu zen final handia. Bizkaitarrek Iñaki Osa Goikoetxea eta Aimar Aldazabalen aurka jokatu zuten finala, eta txapela jantzi ere. Leporaino bete zen Gernikako Jai Alai pilotalekua, eta amaiera ikusgarri horrekin bukatu zuten urtarrilaren 29an abiatutako denboraldi arrakastatsua. Horretaz guztiaz hitz egingo dute Maddalen Arzallusekin eta Xabier Sukiarekin.

Aurretik, saioa hasteko, Bizipoza proiektuko ADEMGI elkarteko hainbat kide izango dituzte platoan. Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitza Elkartea da ADEMGI, eta gaixotasuna gizarteratuz eta berau jasaten dutenen bizi kalitatea hobetzeko zerbitzuak eskainiz lan egiten dute. Gaia jorratzeko, bertan izango dituzte gaixotasun hau pairatzen duen neska gazte bat, elkarteko kide bat eta Anari musikaria, azkoitiarrak abestian parte hartu baitu.

Astelehenetik ostiralera 18:00etan dugu ikusgai "Biba Zuek!" saioa, ETB1n eta eitb.eus-en. Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkeztuta, audientziaren harrera oso ona izaten ari da "Biba Zuek!" saioa, eta asteleheneko atalak datu bikainak eskuratu zituen: % 6,8ko audientzia-zatia lortu zuen eta euskaldunen artean erabateko liderra izan zen % 23,1eko kuotarekin.