Batek daki
ETB1en, 22:15ean
Heriotzaz, gaur gaueko 'Batek daki' saioan
A.E. | EiTB
Aitziber Garmendiak heriotzaren inguruan umorez jardutea posible dela erakutsiko du aste honetako saioan.
Aitziber Garmendiak ez du inor epel utziko 'Batek daki' saioan, gaur gauean, heriotzaren inguruan umorez jardutea posible dela erakutsiko baitu.
Gizartean tabua izan arren, Garmendiak eta 'Batek daki' saioko gonbidatuek konplexurik gabe, naturaltasunez eta umorez landuko dute heriotzaren gaia, modu ausartean.
Izan ere, posible al da heriotzaren inguruan umorea egitea? Kike Amonarriz sozio-linguista eta aurkezleak frogatuko du baietz, eta umore beltzarekin barre algaraka jarriko ditu ikusleak: txiste, pasadizo eta adibide barregarrienak kontatuz.
Aitziber Garmendia aurkezlea harrituta utziko du Mikel Markez abeslariak, heriotzari zenbat kantu eder egin zaizkion erakutsiko baitio.
Saioaren puntu gorenetako bat Mikel Lizarralde mediumari egindako elkarrizketa izango da. Lizarraldek hildakoak nola ikusten dituen eta beraiekin nola hitz egiten duen aitortuko baitio, eta bere medium saio batera gonbidatuko du Aitziber Garmendia.
Haurrei heriotzaz noiz hitz egin behar zaien argituko dio Naroa Martinez Suarez haur hezkuntzako irakasleak. Eta elkarrizketa erdian, lagun berezi batek egingo die bisita. Nor izango ote da?
Krisi garaiotan, "hiltzea zenbat kostatzen den" ikertuko du Aitziber Garmendia aurkezleak, umore handiz. Ikusleak harrituta utziko ditu aurkezleak emandako datu bakoitzak, bere hitzetan, "gaur egun mundua uztea ere ez baita debalde".
Saioa amaitzeko, Felix Zubia medikuarekin elkartuko da Aitziber. Tunel amaierako argi famatua edo heriotzari lotutako bestelako mitoak egia ala gezurra diren jakingo dugu Zubiaren eskutik.
'Batek Daki' ostegun gauetan emititzen da 22:15ean.
b>22:15ean.