Auzolan
21:30ean
Igantziko baso errearen birlandatzea, gaur, 'Auzolan' saioan
A.H. | EITB
Igantzin pasa den neguan erretako baso eremua birlandatzeko auzolana egingo du Ibon Gaztañazpik.
2015eko abenduaren 19an sute indartsu bat eman zen Igantziko basoetan, ordu gutxitan 250 hektarea erre zituena. Erretako baso eremu bat, Frain mendian dagoena hain zuzen ere, Igantziko umeek urtero landatzen duten zuhaitzetan izan zen. Sute hori itzaltzeko Nafarroako suhiltzaile, kanpotik etorritako boluntario eta Igantziar ezberdinak aritu izan ziren elkarlanean.
Aste honetako 'Auzolan' saioan, Ibon Gaztañazpi Igantziko Frain auzoko baso eremu honetara gerturatuko da auzolanean garbitu, txukundu eta zuhaitz berriak landatzeko asmoarekin. Berarekin batera, herriko gazte, heldu zein haurrak izango dira, auzolana Igantzin errotuta dagoen ohitura sakona baita. Egun, dekretu bidez ezarrita dago igantziar bakoitzak, auzolanean, 10 ordu egin behar dituela urtean.
Denen artean, belztutako zuhaitzak kendu, lurrak garbitu, zuhaitz berriak sartzeko zuloak egin eta zuhaixka berriak landatuko dituzte, besteak beste. Umeek ere beren ekarpena egingo dute. Amaitzeko, gainontzeko saioetan bezala, auzolanean bizi berritutako baso eremu horri errematea emateko, Ibonek sorpresatxoa egingo die igantziarrei.
'Auzolan' gaur emitituko da 21:30etik aurrera eitb.eus-en eta ETB1en.
B1en.