Asko maite zaitut
Omenaldia
Jose Antonio Bastegieta 'Marko', gaurko 'Asko Maite Zaitut' saioan
A.E.| EiTB
Makilaren Kofradiak omenaldia egingo dio Bilboko Areatzan.
'Asko Maite Zaitut' saioan Jose Antonio Bastegieta 'Marko' izango dute protagonista gaur gauean. Festazalea, originala, alaia, herrikoia, txantxazalea, polemikoa... zalantzarik gabe, arrastoa utzi duen gizona. Duela 9 urte utzi zuen Jose Antonio Bastegieta 'Marco'k Kortezubiko alkatetza. 28 urtez jardun zuen lan horretan eta oso pertsona ezaguna bilakatu zen Euskal Herri osoan. Kortezubi herriaren izena eta ospea bere mugetatik haratago eraman zuen urtetan zehar herrian antolatu zituen lehiaketa xelebreei esker. Bestalde, 90. hamarkadan, intsumisio mugimenduaren bultzatzaile sutsua bihurtu zen eta, azpimarratzekoa izan zen ere Espainiako Kongresuan bultzatu zuen lege aldaketa bat: ume jaioberriak, euren herrian jaio ez arren, bertan erregistratzeko aukera izatea. Zalantzarik gabe, Kortezubiko 400 herritarrek asko zor diote Markori eta oso gizon maitatua da herrian.
Baina Bastegietak badu ere Bilboko Aste Nagusiarekin harreman estu eta berezia. Makilaren Kofradiak urtero Areatzan antolatzen duen 'Gastronomiko' sukaldaritza lehiaketan animatzaile eta hizlari lanak egiten ditu eta bertara hurbiltzen den jendetza giro alaiean murgilduarazten du. Horregatik, bere izaera alai eta eskuzabalarengatik eskerrak emateko, Makilaren Kofradiak omenaldi hunkigarria egingo dio Markori Bilboko Areatzan lehiaketa gastronomiko faltsu baten aitzakian.Bertan parte hartuko dute Bilboko konpartsek, familiak eta lagunek.
Kamera ezkutuaren bidez, berriz, Marko Gernikan bere txakurra paseatzen harrapatuko du Zuhaitzek albaitari-inspektore baten itxurak eginez. Nola erreakzionatuko du Markok albaitariak esaten dionean bere txakurraren hondakinak direla eta, txakurtxoaren lagin batzuk hartu behar dituela esaten dionean?
Eta Bilboko Areatzan Zuhaitz lehiaketa gastronomikoan parte hartzen aurkitzen duenean… nola erreakzionatuko du?
'Asko Maite Zaitut' igandeetan izaten da ikusgai eitb.eus-en eta ETB1en 22:00etan.
0etan.