Itxi

Asko maite zaitut

Asko maite zaitut

Asko maite zaitut

Omenaldia

Negar, barre, dantza... denetik egin du Gorosti Txopiteak omenaldian!

A.A.

Ronan semeak duen gaitzari aurre egiteko izan duen jarrera baikorra eta indarra eskertu diote lekeitiarrari bere senide eta lagunek.

Gorosti Txopitea lekeitiarra omendu dute ?Asko maite zaitut? saioaren lehen emanaldian. Lekeitioko Abaroa jauregiaren ondoko parkean bildu zituzten Gorostiren familiakoak, lagunak eta ezagunak. Ama baikorra, positiboa eta indartsua dela nabarmendu nahi izan dute, eta, horregatik eta den modukoa delako, "asko maite dutela" esan diote.

Berak maite dituen eta bera maite duten guztiak elkartu ziren Abaroa jauregian Gorosti Txopitea omentzeko. Anjel Alkainen eta Jon Plazaolaren mezu bana jaso ondoren, eta oraindik aho zabalik zegoela, ikusi ditu Gorostik guztiak. Dantza, barre, negar, abestu, muxuak eta besarkadak eman... denetik egin dute Gorostiren omenaldi hunkigarrian.

Gorosti emakume baikorra da, nahiz eta bizitzak kolpeak eman dizkion. Gorostiren semeak, Ronanek, distrofia muskularra du, sendabiderik ez duen gaixotasun degeneratiboa. Ronanek bost urte zituenean jakin zuten haren gaitzaren berri, eta 16 ditu egun. Urte hauetan guztietan, Gorostik ez du irribarrea galdu, eta bera da inguruko guztiei aurrera egiteko indarra ematen diena. Zuhaitz Gurrutxaga ezagutu zuen egunean Gorostik berak esan zuen bezala, "madre de día, payasa de noche" omen da.

Jarrera baikor horrez gainera, gure gizartean gaitz hori ezagutarazteko egindako lana eta bere semearen ongizatea lortzeko egiten dituen ekimen guztiak eskertu nahi izan dizkiote, edonora joan eta edozertarako gai dela erakutsi baitu urte hauetan guztietan: Durangora edota Getxora eramaten du Ronan astero fisioterapia saioak hartzera, semearentzat gurpildun aulki berezi bat lortzeko plastikozko tapoiak bildu zituen duela hainbat urte?

Ostaizka, Gorostiren lagun mina; Aitziber koinata, Jontxu lehengusua eta Ane eta Amaia, Ronanen fisioterapeutak, izan ditu konplize Zuhaitz Gurrutxagak omenaldian. "Asko maite zaitugu" esan diote guztiek Gorostiri, baikortasun horrekin aurrera jarraitu dezan.

Lekeitioko Gorosti Txopitea protagonista duen saio osoa EiTB Nahieran atarian dago ikusgai.