Arte[faktua]
Literatura
Kirmen Uribe idazlea, 12:50ean "Arte[faktua]" saioan
EITB Media
Gainera, Miel A. Elustondo idazle azpeitiarra batuko da elkarrizketara.
Kirmen Uribe idazlea izango da aste honetan "Arte[faktua]" saioko gonbidatu nagusia. Izurdeen aurreko bizitza (Susa) eleberria plazaratu du Uribek, eta baita 2021eko Kritika Sari Nazionala jaso ere. New Yorkeko liburutegi publikoko Cullman sormen beka lorturik, ondarroarrak 176 kutxatan gordeta zegoen Rosika Schwimmerren bizitza ezagutu, eta bere haurtzaroko emakumeei omenaldia egiteko ongarri gisa erabili du. Kutsu biografikoa duen aldetik, eleberria idazketa prozesua ezagutzeko abagunea ere bada. Honetaz guztiaz hitz egiteko, Bilboko Guggenheim museoan elkartu da egilea Yolanda Mendiolarekin.
Miel A. Elustondo idazle azpeitiarra batuko da beste bien arteko elkarrizketara. Aspaldiko lagunak eta literatur konplizeak dira Uribe eta Elustondo, biak ala biak, telebistan ibilitakoak; izan ere, "Sautrela" programaren hastapenetan, elkarrekin ibili ziren kolaboratzaile lanetan.
Oihana Arana bertsolari eta idazlearen ingurura gerturatuko da saioa, apalategian gordetzen dituen liburuak eta kontuak ezagutzeko asmoz.
Jakeline Barker irakurlearen eskutik iritsiko da aste honetako literatur gomendioa. Horretarako, Maria Konnikova idazlearen El gran farol (Libros del asteroide) saiakera entzutetsua aukeratuko du.
Amaiera gisa, Irati Irurieta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduko ikasleak eginiko "booktubea" erakutsiko dute. Oraingo honetan, bideoa Julia Jimenezen Otra nutrición es posible (Planeta) saiakerari eskainia izango da.
"Arte[faktua]", 12:50ean, ETB1en eta eitb.eus-en.