Itxi

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Denboraldi berria

Berrikuntzaz beterik hasiko da "Arte[faktua]"ren denboraldi berria larunbatean

EiTB

Pello Lizarralde elkarrizketatuko du Yolanda Mendiolak Iruñean, lehen atalean.

  • Yolanda Mendiola, "Artefaktua" saioko aurkezlea. Argazkia: EiTB.

    Yolanda Mendiola, "Artefaktua" saioko aurkezlea. Argazkia: EiTB.

Berrikuntzaz beterik dator ETB1eko "Arte[faktua]" literatur saioaren laugarren denboraldia. Logoa eta grafismoa itxuraldatuta, hiru atal berri gehitu dizkiote aurreko denboraldiko Irakurlea, Apalategia, Arte egilea eta booktuberren tarteei: Arte saltzaileak, Irakurketa artea eta Arte zaleak izango dira Yolanda Mendiolak aurkezten duen saioak oraingoan ekarriko dituen berritasun nagusiak.

Arte saltzaileak atalean, Euskal Herriko liburu denda esanguratsuenak bisitatu eta bertako liburu saltzaileak ezagutzeko aukera izango da bi astetik behin: dendaren sorrera, historia edota dendariaren esperientzia azalduko dituzte. Irakurketa artean, irakurketa eta ahotsa lanbide duten profesionalek ahots gora irakurtzeko zenbait gomendio eskainiko dituzte. Eta, bukatzeko, Arte zaleak izenekoan, Joseba Elorza kazetaria herriz herri ibiliko da kaleko lagunek literaturaren eta irakurketaren inguruan dituzten zaletasun nahiz ohiturak ezagutzeko asmotan.

Bizitzen ari garen garai xelebre hauetan, "Arte[faktua]"n ere musukoa gure egunerokoan barneratu behar izan dugu. Beraz, kalean grabatutako tarteetan, musukoa jantzita ageriko dira saioko protagonistak. Halaber, maiatzean eta ekainean grabatutako ataletan, garaian legea bestelakoa zenez, esandakoa ez da ehuneko ehun beteko. 

Lehenengo atala, Iruñean

Larunbatean hasiko da "Artefaktua" saioaren denboraldi berria, 13:30ean; Iruñean izango da, eta Pello Lizarralde idazlearekin emango dituzte lehen pausoak.

Lehen bi hilabeteetan, txirrindularitza dela eta, datorren astetik aurrera, larunbatetan, 13:00etan izango da gure saioa ikusgai. Ondoren, betiko ordutegia berreskuratuko du saioak, larunbatetan, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.