Arte[faktua]
Literatura
Irati Elorrieta, 15:00etan, "Arte[faktua]" saioan
EiTB
Idazle algortarrak 'Neguko argiak' eleberria aurkeztuko du.
-
Irati Elorrieta idazlea. EiTBko bideo batetik lortutako irudia.
Irati Elorrieta idazle algortarra da aste honetako "Arte[faktua]" literatur saioko gonbidatu nagusia. Algortan elkartu dira berarekin, Pamiela argitaletxearekin 2018an kaleratutako Neguko argiak eleberriaz hitz egiteko. Parisen elkar ezagutu eta Berlinera bizitzera joandako bi emakume euskaldun dira protagonistak. Memoria, adiskidetasuna eta kulturen arteko elkarbizitza dira liburuko ardatzetako batzuk. Hirigintzaz ere jardun du Elorrietak eleberrian, eta Berlingo eta Parisko hotsak eta usainak ondo deskribatuta ageri dira. Erreferentzia zinematografiko nahiz musikalak ere nonahi aurki ditzakegu irakurketan. Liburu honi esker, Euskadi Saria irabazi zuen Elorrietak 2019an.
Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Leioako campusean. Urte batzuetan horrekin lotutako lanak egin bazituen ere, orain irakaslea da. Ikasleek erlijioaren ordez aukeratzeko ikasgai bat ematen du, ikuspegi humanista batetik balioak eta beste jorratzen dituena. Berlinen daramatza azken hogei urteak. Handik Euskal Herriko literaturaren joan-etorriei jarraitzen diela dio. Eta, hona etortzen denean, interesatzen zaizkion liburuak Berlinera eramateko aprobetxatzen omen du.
Ianire de Andres arkitektoa gonbidatu du Elorrietak elkarrizketara. Aldiri. Arkitektura eta abar izeneko arkitektura aldizkari bateko kidea da Ianire, eta, duela hilabete pare bat, Elorrietarekin harremanetan jarri ziren, bere liburuarekiko interesa zutelako. De Andresek dioenez, espazioak eta hiriak, liburuan zehar, presentzia handia zuela ikusi zuten, ia beste protagonista baten parekoa. Horregatik, interesgarria iruditu zitzaien euren gaia beste diziplina batetik jorratzea. Kasu honetan, literatura aldetik.
Yolanda Arrieta idazlea izango dugu, galdera batzuei erantzunez, aste honetako Artefaktu[egilea] tarteko protagonista. Bestalde, Irakurlea atalean, Itziar Pilar Alberdi algortarrak Nino Haratischwiliren La octava vida liburuaren gomendioa egingo digu.
Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Hasier Larretxeak, Jose Luis Otamendik eta Mariasun Landak, astero legez, literaturaren inguruko galdera bati erantzungo diote.
Horrez gain, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko Laura Etchegarayk, Lorea Etchegarayk eta Iraia Amenabarrek 3 Mariak liburuaz hitz egingo digute Booktuber atalean.
"Arte[faktua]" gaur izango da ikusgai, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.