Arte[faktua]
15:00etan
Joxean Agirre idazlea, gaur, 'Arte[faktua]' saioan
EITB
Idazleak Belle Epoque garaian kokatutako 'Ispiluak eta itsasoak' nobela aurkeztuko du.
-
Joxean Agirre idazlea, larunbatean, 'Arte[faktua]' saioan.
Belle Epoque garaian kokatutako nobela laburra idatzi du Joxean Agirrek (Azpeitia, 1949) gazteak helduen literaturan ohitzen hasteko aproposa. Hiru eszenatoki ditu Ispiluak eta itsasoak liburuak: Zestoa, Biarritz eta Paris. Larunbat honetan 'Arte[faktua]' saiora joango da liburua aurkeztera.
Maria Garrastazu hamasei urteko gazte bat da, neska eder eta argia, 1920ko hamarkada aldean Zestoako bainuetxean lan egiten duena. Monsieur Perrin izeneko bezero batek, dandya izatez eta ispilu marka bateko saltzailea lanbidez, berarekin lan egitea proposatuko dio, eta, gurasoak Aizarnako baserrian utzita, bere bizitzako lehen bidaiari ekingo dio, lehenik Biarritzera eta gero Parisera eramango duena
Euskal kazetari historikoa da Joxean Agirre. Soziologia ikasi zuen Parisen eta kazetaritza EHUko Unibertsitatean. Egin egunkarian lan egin zuen eta Garan jarraitu zuen erretiroa hartu arte. Bertsolari aldizkaria sortzailea eta zuzendaria izan da urte askoan
Joxean Agirrek gonbidatuta, Aran Santamaria artista zumaiarra etorriko da larunbateko 'Arte[faktua]' saiora. Zaharkitutako liburuak erabiltzen ditu Santamariak, desegin, apurtu eta berriro artelan bihurtzeko. Liburuei beste bizitza aldi bat izateko aukera ematen diela esan daiteke.
Irakurlearen txokoa izeneko sailean, Eduardo Mendoza idazle espainiarraren Sin noticias de Gurb eleberri umorezkoa gomendatuko digu Ritxar Martinez, Zestoako Bainuetxeko animatzaile errenteriarrak. Sin noticias de Gurb eleberria liburu izan aurretik atalka argitaratu zuen El País egunkariak. Gero, beste zazpi hizkuntzatara itzulita argitaratu dute. Azkenik, Gari musikariak bere liburu kuttunak zeintzuk diren azalduko digu. Liburu-denden gomendioek, pitxiek eta epilogoak osatuko dute saioa.
'Arte[faktua] gaur izango da ikusgai 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.