Itxi

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Literatura

Sonia Gonzalez gonbidatu, 15:00etan, 'Arte[faktua]' saioan

'Erreka haizea. Botere, isilpen eta herioaz' saiakera idatzi du Barakaldoko idazleak.

1:23
Sonia González

Sonia Gonzalez da aste honetako gonbidatu nagusia 'Arte[faktua]'n. Azken liburua duela 13 urte idatzi ondoren plazaratu du idazle barakaldarrak Erreka haizea. Botere, isilpen eta herioaz saiakera. Guztira 128 testutan, bere gertaera pertsonaletan oinarritutako eta barru-barruko gogoetak plazaratzen ditu idazleak. Gaien artean, emakume izatea, helduen arteko botere harremana, guraso etorkinen alaba euskalduna izatea, erlijioa, gerra zibilaren inguruko isilpena, heriotza…

Lekeition bizi den arren, Sonia Gonzalez barakaldarra da. Euskal Filologia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean. LABeko komunikazio arduraduna izana, gaur egun, bertan jarraitzen du beste zeregin batzuetan. Eleberria eta poesia landu ditu. 2002an plazaratu zuen lehen poema liburua.

Paula Roson gonbidatu du Soniak literatur saiora. Paula Roson ere barakaldarra da, argazkilaria eta Ezkerraldeko plataforma feministako kidea. Bere argazki erakusketen artean, emakumeen ahalduntzearekin zerikusia duten proiektuetan arreta berezia jartzen du.

Lezaman, Ainhoa Tirapu Athleticeko futbol jokalariarekin egongo da 'Arte[faktua]'. Bertan, jokalari nafarrak bere etxeko apalategian dituen liburuez hitz egingo du.

Aste honetako irakurlea Lekeitioko Gorosti Txopitea da eta Karmele Jaio idazlearen Amaren eskuak liburuaz hitz egingo du.

Galdetegian izango dira Karlos Linazasoro, Juan Kruz Igerabide eta Maite Darceles.

Olatz Bienzobas booktuberrak Trevor Noah komiko estatubatuarraren Prohibido nacer liburuaren aipamena egingo du berak grabatutako booktubean.

Asteroko nobedadeek, pitxiek eta abarrek osatuko dute saioa, gaur, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.