Itxi

telebista

Astelehenetik aurrera

Ordutegia aurreratuta, eta eduki berriekin eta nazioarteko irudi ikusgarrienekin dator "Eguraldia"

EITB Media

"Eguraldia" saioko lantaldeak inork baino lehenago emango du informazio meteorologikoa: ETB1en 19:45ean eta ETB2n 20:45ean. Gure lurraldean izango dugun eguraldiaren iragarpenaz gain, nazioarteko irudi ikusgarrienak eta aldaketa klimatikoaren inguruko azken datu eta ikerketak eskainiko ditu.

  • Andoni Aizpuru, June Ansoleaga, Arnaitz Fernandez eta Zuriñe Zulaika

    Andoni Aizpuru, June Ansoleaga, Arnaitz Fernandez eta Zuriñe Zulaika. EITB Media

Astelehen honetatik (urtarrilak 30) aurrera, "Eguraldia" saioko lantaldeak inork baino lehenago emango du informazio meteorologikoa. Gaueko emanaldiak ordutegia aurreratuko du: 19:45ean izango da ikusgai ETB1en eta 20:45ean ETB2n.  

Gure lurraldeko eguraldiaren iragarpena egitea da saioaren egiteko nagusia eta Arnaitz Fernandez, Andoni Aizpuru, June Ansoleaga  eta Zuriñe Zulaika (tartearen zuzendaria)  dira lantalde horretako aurpegiak. Baina ikus-entzuleen interesekoak diren eduki gehiago eskaini nahi dituzte, nazioarteko irudi ikusgarriak, esate baterako, gertaera bortitzek munduko beste lekuetan nola eragiten duten ikusteko. Halaber, naturako argazki eta bideoak ekarriko dituzte, gure inguruneaz dugun jakinduria osatzeko. 

Aldaketa klimatikoaren gaiak ardatz izaten jarraituko du. Adituen laguntzaz, gertakari meteorologikoak aztertuko dituzte, eta arlo bakoitzean egiten ari diren azken ikerketen eta aurrera pausuen berri emango dute. Urtarrilaren 28ko berotze globalari aurre egiteko nazioarteko egunaren ingurumarian, "Eguraldia"k bat egin du EITBren urteko lehen #EKIN_klima kanpainarekin; berotegi efektuko gasek ingurumenean duten inpaktua aztertu dute.   

Punta-puntako teknologiaz baliatzen da ETBko saioa informazioa emateko: 6'5m x 3'5m neurriko pantaila erraldoia dute platoan, baita mugikorretara eta sare sozialetara egokitutako pantaila bertikal bat ere. Izan ere, edukiak zabaltzeko eta ikus-entzuleekin hartu-emana sendotzeko erraminta garrantzitsuak dira sareak. 20.000 lagunek jarraitzen dute ETBko Eguraldiko Twitterreko kontua. 

Bestalde, Eguraldia komunitateko kideek egiten duten ekarpena oso garrantzitsua da EITBko lantaldearentzat, erabiltzaileek bidaltzen dituzten argazki eta bideoekin osatzen baitute egunean eguneko informazioa. 6.000 lagun baino gehiagok osatzen dute komunitatea une honetan. Jende multzo honi batu behar zaie munduan barrena bizi diren euskaldunak; tokian tokiko klimaz eta bitxikeriez aritzen dira eurekin. 

"Eguraldia" saioaren ordutegi berria hau izango da: 19:45ean ETB1en eta 20:45ean ETB2n.