albistea
Kirolak
Mikel Aranbururi buruzko saio bereziak, ETBn
A.A.
EITB
Realaren bi partida historiko eta azpeitiarrari buruzko erreportajea eskainiko dira datozen egunetan. Larunbatean, Anoetan, Valentziaren aurkako partidan, esango dio agur bere futbol ibilbideari.
-
Mikel Aranburu, EITB.
Euskal Telebistak Mikel Aranburu Realeko jokalariari eskainiko saio bereziak prestatu ditu datozen egunetarako. Talde txuriurdinarekin jokatutako bi partida historiko izango dira ikusgai, baita azpeitiarrari buruzko erreportajea ere.
Larunbatean, Anoetan, Valentziaren aurkako partidan, esango dio agur Mikel Aranburuk bere futbol ibilbideari. 14 urtez lehen taldearekin aritu ostean, futbola uztea erabaki du 33 urteko azpeitiarrak.
Horren harira, ETBK Sat-ek Realaren bi partida historiko eskainiko ditu ostiralean, 15:25ean, 'Gure Bideoteka' saioan. Lehendabizikoan Atletico Madril du aurkari eta 2002/2003 denboraldikoa da, Ligako txapeldun orde izan zenekoa. Bigarrena, Real Madrilen aurkakoa da, 2003/2004 denboraldiari dagokiona. Larunbatean, 12etan, berriro izango dira ikusgai bi emanaldiak.
Igande goizean, 12:15ean, ETB-1en, At. Madrilen aurkako partida izango da ikusgai, eta, ondoren, Mikel Aranbururi buruzko erreportaje bat eskainiko da, Igor Sarriegik eta Loiola Altunak ekoiztuta. Bertan, azpeitiarraren futbol ibilbidea errepasatuko dute eta bezperako agurreko irudiak bilduko dituzte.