Itxi

albistea

Ostegunean, apirilak 26

Gernikako Bonbardaketaren 75. urtemugaren programazio berezia EITBn

A.E.

EITB

Historiaren atal ikaragarria oroituz, jarraipen eta programazio berezia egingo dute EITBko hedabideetan, Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta eitb.com-en.

  • Zerutik sua dator dokumentala. Argazkia: EITB

    Zerutik sua dator dokumentala. Argazkia: EITB

Gernikako Bonbardaketaren 75. urtemuga beteko da ostegun honetan, apirilaren 26an. Hori dela eta, historiaren atal ikaragarria oroituz jarraipen eta programazio berezia egingo dute EITBko hedabideetan, Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta eitb.com-en.

Apirilaren 26an Euskal Telebistako albistegi zerbitzuak Gernikan izango dira. Eguneko albiste tarte guztien kokaleku izango da. Hasi 'Egun On Euskadi' goiztiarrarekin, 'Gaur Egun' eta 'Teleberri'ren edizio guztiekin jarraituz eta 'Azpimarra'n ere bai. Bertatik emango dute berri zabal eta egunean zehar izango diren ekitaldi guztien oihartzun ere izango dira. Gernikako Juntetxean gune berezi bat jarriko dut ETBk bertatik berri emateko.

'Egun On Euskadin'n Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia elkarrizketatuko du Aitzol Zubizarretak. Eguneko tertuliaren ordez beste bi solasaldi ere izango dira urtemugaren harian, Luis Iriondo Gernikako bonbardaketatik bizirik dirauenarekin eta Ihara jaunarekin, Nagasakiko bonbardaketatik ere onik atera zen gizonarekin.

'Gaur Egun'eko Xabier Usabiaga aurkezlea Gernikan izango da, 'Teleberri'ko Africa Baetak ere Gernikak emango du berri eta Maddalen Iriartek Gernikako alkatearekin hitz egingo du. Gaueko 'Gaur Egun' eta 'Teleberri'rako, berriz, Asier Odriozolak egingo du kontakizuna Gernika bertatik.

Aurreko asteburutik hasita, dena den, erreportaje sorta ari dira eskaintzen 'Gaur Egun' eta 'Teleberrin. Gernikako Bonbardaketaren iragana, oraina eta etorkizunari erreparatuko diote. Euskadin izandako ondorio eta eraginaz gain, nazioartean utzitako urratsa ere jorratuko dute. Bai Bilboko erredaktoreek eta baita nazioarteko berriemaile sareak ere hainbat alderditatik landuko du gaia.

Horrekin guztiarekin batera, programazioan ere leku nabarmena izango du Gernikak. 'Ni Más Ni Menos' eta 'Euskadi Directo'ko erreportariak zuzenean izango dira. Beste saio batzuen artean, halaber, 'Forum', '60 Minutos', 'Bisitaria' eta 'Harian' saioek urtemugari erreparatuko diote.

Estreinaldi bat badakarte ere gaiaren inguruan: Zerutik sua dator apirilaren 26an emango da ETB-1en. Espainiako Gerra Zibilean Bizkaiak jasan zituen bonbardaketa ugariei eta haien ondorioei buruzkoa da. Ekaitz Rodriguezek zuzendutako saioan bonbardaketak jasan dituzten pertsonen lekukotzak jasoko dira. Esperientzia horiek bizi zituztenek egiten dute kontakizuna lehenengo pertsonan eta haiekin batera belaunaldi gazteagoko pertsona batzuk agertuko dira, bizipen horiek entzun eta bonbardaketak jasan zituzten protagonistak elkarrizketatuko dituztenak.

Datorren larunbatean, gainera, aurreko ostiralean Gernikan grabatutako Zerutik sua dator ikuskizuna ere eskainiko du ETB-1ek. Kukai dantza konpainiaren eta Oreka TX taldearen ekitaldia da.

Programazio berezia aurkezteko trantsizio irudiak landu dituzte ETBn, Picassoren artelan ospetsua inspirazio dutela.

Gernika bajo las bombas tvmovie-a prestatzen

Ostegunean bertan Gernikan aurkeztuko da Gernika bajo las bombas TVmovie-aren grabazioaren hasiera. Lan honek bi atal izango ditu, 75 minutukoa bakoitza. Elkarren artean lotura duten hainbat istorio kontatuko dituzte. Istorioetako batzuk benetako pertsonaia historikoak dituzte oinarri, beste batzuk, berriz, fikziozkoak. Baina benetako protagonistak Gernikako herria eta bertako jendea izango dira, 1937ko apirilaren 26an Kondor Legioak bonbardatuak. Erpin 360º, Vértice Cine eta Baleukok egingo dute ekoizpena.

Egoitz Sanchez, Lander Otaola, Sara Casasnovas, Marc Clotet, Roberto Alvarez, Antonio Dechente, Pep Tosar eta Ramon Barea dira, besteak beste, parte hartuko duten aktoreak. Une eta garai zehatz hartako Gernikako gizartearen isla izan nahi du lan honek. Horrez gain, gerrak uzten dituen ondorioen historia unibertsala ere izan nahi du.

Euskadi Irratia eta Radio Euskadi Gernikan

Ahalegin berezia egingo dute EITBko irratiek ere urtemugaren inguruan. Apirilaren 26an, Euskadi Irratiko 'Faktoria' eguneroko goizeko irratsaioa eta baita 'Mezularia' ere bertatik izango dira, baita Radio Euskadiko 'Boulevard' eta 'Graffiti' saioak ere. 'La Mecanica del Caracol saioak erasoaren herritik alderdi historikoaren azterketa egingo du. Gernikaren historia errepasatuko du, foruei erreparatuz eta bonbardaketaren testuinguru historikoa aztertuz.

Eta, nola ez, Gernikan izango dira albistegi nagusiak, egunak emango duena zuzen-zuzenean biltzeko.

Gernikako Bonbardaketa twitter bidez kontatua eitb.com-en

Ekimen berritzailea jarriko du abian eitb.com-ek Gernikako Bonbardaketaren inguruan. Twitter bidez kontatuko dute bonbardaketa, gaur egun gertatu izan balitz bezala eta hamar pertsonaia historikoen tweet-en bidez.

Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta ETBk ere parte hartuko dute ekimen honetan. Irratian mezuak dramatizatu egin dituzte, twiterrez emandakoari ahotsa jarriz. ETBn mezuak pantailan azalduko dira eguneko ordu jakin batzuetan.

Ekimen hau eitb.com-ek beren-beregi Gernikako Bonbardaketaren 75. urtemugaren inguruan landuko duen atarian jarraitu ahal izango da. Hori guztia posible egiteko eta gertakizun historikoei zorrotz eta zuhur jarraitzeko, Gernikako Bakearen Museoarekin elkarlanean aritu da eitb.com-eko lan-taldea ekimena prestatzen. Museoaren laguntza izan dute alderdi historikoa egoki lantzeko.

Minutuz minutu hamar pertsonaia klabek birsortuko dute gertakizun ikaragarria: Jose Antonio Agirre eta Lekube lehendakariak, George L. Steer gerra kazetariak, Wolfang Von Richtofen pilotu alemaniarrak, Emilio Mola jeneralak, Jose de Labauria alkateak Alberto Onaindia Gernikako apaizak, Castor Uriarte arkitekto eta idazleak eta hiru gernikar eta lekukok, bizirik iraun dutenak, Luis Iriondo, Andone Bidaguren eta Mateo Malaxetxebarriak.

Historiari eta pertsonaiei Twitterren komunikazio kodeak atxiki dizkiote: jario etengabea testu labur eta esanguratsuekin, bonbardaketa bizi-bizi eta ahalik eta modu errealenean kontatzeko.

Goizean goizetik hasita, hegazkinen orroak hautsitako arratsalde lasaia igarota, gaueko iluntasunak Gernika suntsitua estali zuen arte biziberritu dugu eguna, eta pausuz pausu jarraitu ahal izango da eitb.com-en, eta Twitterren #gernika75 hastag-a (etiketa) jarraituz.

Interneteko tresnak baliatuz eta historiarekin ahalik eta zintzoen jokatuz, Gernikako bonbardaketa nola bizi izan zen gaurkotu nahi dugu ekimen honen bidez. Halaber, Gernikako bonbardaketaren inguruko beste hainbat eduki ere aurkitu ahal izango ditu erabiltzaileak eitb.com-en, hala nola bideoak, argazkiak edota infografia. Gainera, eitbnahieranen gertaera horren inguruko dokumentalak izango dira ikusgai.