Itxi

telebista

22:30ean

Gipuzkoako ostatuak protagonista, gaur gauean, "Juego de Cartas" saioan

EITB Media

Javi Sierrak ostalaritza abentura berri bat aurkeztuko du Mikel Asurabarrena, Jokin Zavala, Amaia Nuñez eta Manu Hernandezen eskutik.

  • Mikel Asurabarrena, Gabiriako ostatuko arduraduna

    Mikel Asurabarrena, Gabiriako ostatuko arduraduna. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Gaur gauean, "Juego de Cartas" saioa Gipuzkoako bi eskualde ederretara gerturatuko da, Goierrira eta Tolosaldera alegia, bertako lau ostatu paregabe ezagutzeko.

Lehenbiziko gonbidatua, Mikel Asurabarrena, Gabiriako ostatuko arduraduna izango da. Publiko orokorrari jaten emateaz gain, ostatu honek badu bereizgarri bitxi eta atsegin bat. Izan ere, astelehenetik ostiralera herriko eskolako haurrek bazkaltzen dute bertan.

Programako furgonetaren bigarren geldialdia Altzon izango da, Tolosaldean. Jokin Zavala da bertako ostatuko gerentea eta sukaldaria. Sukaldari zorrotza da Jokin, eta bere helburu nagusia sukaldaritza maila gorena eskaintzea da, menuaren prezioan.

Hirugarren lehiakidea, Amaia Nuñez Fonseca, Orexako ostatuko zerbitzari eta arduraduna da. Tradizioari oso lotuta dagoen karta defendatuko du Amaiak. Keinu modernoak dituzte bere platerek eta zero kilometroko produktuak erabiltzen dituzte.

Goierrira bueltan, Manu Hernandez Itsasoko ostatuko sukaldaria izango da laugarren eta azken partaidea. Manuk gustuko du arriskua eta sormena sukaldaritzan; bere proposamenen artean herriari eskainitako pintxo bat dago, Itsasoko Argia izenekoa, bengala bat daramana.

"Juego de Cartas" ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.