Itxi

telebista

20:00etan

Larraulgo inguruetan barrena, gaur, "Historias a Bocados" saioan

EITB Media

Olivia Sánchez, Karlos Irazu eta Koldo Jauregi izango dira atal honetan protagonista nagusiak.

  • Joseba Arguiñano Olivia Sánchezekin.

    Joseba Arguiñano Olivia Sánchezekin. EITB Media

"Historias a Bocados" saioa Larraulera hurbilduko da gaur, urriak 24. Tolosaldean kokatutako udaleko hainbat lagun ezagutuko ditu Joseba Arguiñanok.

Karlos Irazuk 51 urte ditu eta Larraulgoa da. Sukaldaritza ikasi ondoren, Gipuzkoako beste herri batzuetan bizi izan zen, baita Andaluzian, eta Atlantikoa gurutzatuta, Perun eta Bolivian; harik eta bere herriko ostatua hartzea erabaki zuen arte. Gehien atsegin duena zura lantzea da. Anaien laguntzarekin baserri bat eraiki zuen, eta han du bere tailerra. Egurrezko lanak, piezak, objektuak eta altzariak egiten ditu. Sukaldean ere moldatzen da Karlos, eta piperradarekin egindako hegaluze plater ederra jarriko du mahai gainean.  

Olivia Sanchezek ere hitz egingo du Joseba Arguiñano aurkezlearekin. Anfitrioiak, ahal duen guztietan, mendi osteratxoa egiten du, eta honako honetan Joseba ere berarekin eramango du. Sukaldean erabiltzeko perretxikoak, loreak eta basoko landareak bilduko dituzte elkarrekin. Ondoren, perretxiko nahaskia eta patata tortilla berdea prestatu eta dastatuko dute.

Azkenik, Koldo Jauregi ezagutuko du Josebak. Katillu Txulo herriko gastronomia elkartean egingo dute hitzordua berarekin; bertan legatza saltsa berdean prestatuko dute. Koldok bere pasioetako bat erakutsiko dio aurkezleari, bilduma zaletasuna alegia. Bere sortarik kuttunenak erakutsiko dizkio: harmonikak, eta euskal musika biniloak. Larraulgo Ekomuseo etnografikoaz ere arituko dira.

"Historias a Bocados" gaur izango da ikusgai, 20:00etan, ETB2n eta eitb.eus-en.