telebista
22:30etik aurrera
Kimuak katalogoko sei film labur eskainiko ditu ETB1ek gaur gauean
EITB Media
Kimuak egitasmoak Donostia Zinemaldiaren aurtengo Zinemira saria jaso du eta Euskal Telebistak azkeneko urteetako katalogoko sei film labur eskainiko ditu "Kimuak Gaua" saioan.
Kimuak euskal film laburren zabalkundea egiten duen programak aurtengo Donostia Zinemaldiko Zinemira saria jaso du eta Euskal Telebistak azken urteetako katalogoaren sei film labur eskainiko ditu "Kimuak Gaua" saioan, gaur, ETB1en eta eitb.eus-en, 22:30ean.
Ikusgai izango diren ikus-entzunezkoak honako hauek izango dira: Paul Urkijoren Dar-Dar (2020), Maria Elorza eta Koldo Almandozen Quebrantos (2020), Josu Venero eta Jesus Mari Lazkanoren Artiko (2019), Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren Mateoren ama (2019), Josu Martinezen Ama (2018) eta Pello Gutierrezek zuzendutako Zain (2018).
Dar-Dar
Paul Urkijo Alijo (1984) gasteiztarraren beldurrezko lan honek neskato bat oinazetzen duen deabru bati heltzen dio. Udane Elosegi, Almudena Cid eta Elias García aktoreak dira protagonistak.
Urkijo genero fantastikoaren zale amorratua da. Errementari luzearekin (2017) arrakasta lortu ondoren, Irati, bere bigarren filma prestatzen ari da. Kimuaken aurretik ere parte hartu zuen eta 2011n Monsters do not exist fikzioarekin hautatua izan zen.
Quebrantos
Kimuaken hainbatetan parte hartu duten Maria Elorza eta Koldo Almandoz egileek, euren talentuak batu dituzte Quebrantos izeneko "irrati-grafia" egiteko. Interferentziak, isiluneak eta arrakalak tartekatzen dira, bi emakumek tratu txarrei buruz hitz egiten duten bitartean.
Artiko
Artiko dokumentalak Jesus Mari Lazkano margolari bergararrak Svalbard artxipelagora egindako bidaia erakusten du. Lazkanok Josu Venero zuzendari eta ekoizle bilbotarrarekin batu ditu indarrak ikus-entzunezko hau egiteko eta Xabi Payaren hitzekin osatu dituzte grabatutako paisaiak.
Mateoren ama
Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagaren fikziozko drama honetan, denboraldi batez ama ikusi gabe egon den Angel Marik indarrak hartu eta hura dagoen zahar-etxera bisitan joatea erabakiko du. Gogorra egiten zaio ama horrela ikustea: seme-alabak ezagutzen ez dituen amona baten moduan.
Ama
Josu Martinezek zuzendu duen film laburra, Joseba Sarrionaindiaren Gure oroitzapenak obran oinarritutako film kolektiboko pieza bat da. Bilboko Adabaki produkzio etxeak bultzatu eta ekoiztu du proiektua.
Ama-k 1915eko udara eramaten gaitu, Baxe Nafarroako Baigorri herriko auzo urrun batean, gutun baten esperoan bizi den emakume baten etxera.
Zain
Pello Gutiérrez sortzaileak zuzendu du Zain komedia tristea. Kaurismäkiren estetika jarraituta, bakardadearen erretratu gordin baina samurra egiten du.