Itxi

telebista

22:30ean

Maldivak, gaur gauean, "Vascos por el Mundo" saioan

EITB Media

Indiako ozeanoaren bihotzera bidaia egingo du programak, han Eric, Leire eta Jesus ezagutzeko. Bertako uretan nabigatu eta uharteak bisitatzeaz gain, izurdeak eta marrazoak gertutik ikusiko dituzte.

  • Lucas Goikoetxea erreportaria, Maldivetan

    "Vascos por el Mundo" programako Lucas Goikoetxea. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Gaur gauean, Maldiva uharteak bisitatuko ditu ETB2ko "Vascos por el Mundo" saioak, askorentzat hondartza ikusgarri, ur garden eta uharrien paradisua. 1.192 uhartek osatzen dute artxipelagoa, baina soilik 203tan bizi da norbait. Handienak ez ditu 8 km baino gehiago. Etengabeko uda giroan, urpekarien jomuga izan ohi dira Maldivak, paisaien edertasunak eta itsaspeko bizitza ikusgarriak erakarrita. Izan ere, 2010ean bertako urak marrazoen natura-erreserba izendatu zituzten eta, ondorioz, toki kuttuna izaten da marrazoekin eta manta-arraiekin igeri egitera joan nahi dutenentzat.

Hala, Indiako ozeanoaren bihotzean izango dira aste honetan Lucas Goikoetxea erreportaria eta Santiago Roldan kameraria, eta Eric, Leire y Jesus euskaldunak ezagutuko dituzte. Hango uretan nabigatu eta uharteak bisitatzeaz gain, izurdeak eta marrazoak gertutik ikusiko dituzte, nola ez.

Eric gasteiztarrak 34 urte ditu. Marrazoen zale amorratua da eta ontzi batean bizi da Maldivetan. Orain bost urte arte landa-guneetako makinak programatzen zituen, Euskadin, baina Mexikora egindako bidaia batek bizitza erabat aldatu zion. Ostegun honetako saioan uharte bakartienetara eramango gaitu, arraiak gertutik ikusi eta marrazoekin urpean aritzera.

Leire Astrabuduakoa da eta azken bi urteotan snorkel gida lanetan dabil. Maafushi uharte txikia erakutsiko digu, eta bertako kartzela, meskita eta ikastetxea bisitatuko ditugu bizkaitarraren eskutik. Izurdeak ikustera ere eramango gaitu Leirek aste honetako saioan.

Jesus, bestalde, Barakaldokoa da eta orain 24 urte iritsi zen estreinakoz Maldivetara. Urpean aritzeko itsas bidaien enpresa bat dauka eta, pare bat egunez, bere ontzira gonbidatuko ditu Lucas eta Santiago. Uharte bakarti batean lehorreratu eta, barbakoa egiteaz gain, gaueko urperaldi ikusgarrienetako batekin gozatzeko aukera izango dute: Uharriko mantekin ur azpian.

"Vascos por el Mundo" programa ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.