telebista
22:15ean
"En Tiempos de Coronavirus" erreportaje berezia, gaur gauean, ETB2n
EITB
Lehen olatuan jasotako hausnarketak berreskuratzea eta elkarrizketatuek pandemiaren zortzi hilabete hauetan izan duten bilakaera ikustea da lanaren helburua.
-
"En tiempos de coronavirus" erreportajearen irudi bat. EITBren bideo batetik hartutako irudia.
Igande honetan, abenduak 13, New Digital Media Euskadik EITBrentzat ekoiztutako "En Tiempos de Coronavirus" erreportaje berezia eskainiko da ETB2n. Lan horretan jasotzen diren gogoetek denon artean egunez egun marrazten ari garen etorkizuna ulertzen laguntzea dute helburu.
2020ko apirilean, COVID-19aren pandemiak eragindako konfinamendu betean, Euskadiko ekonomia eta enpresa alorrean, hezkuntza arloan, arlo soziosanitarioan zein soziokulturalean erreferente diren hainbat pertsonari elkarrizketatu ziren.
Ordura arte inoiz bizi gabeko egoera bat zen, eta etorkizun ziurgabe baten aurrean, hainbat iragarpen ekonomiko eta sozial eskaini zituzten elkarrizketatuek. Halaber, ikuspuntu pertsonal bat ere eskaini zuten, zeinek, hilabete batzuk beranduago, orain, gogoeta soziologiko bezala balio handia duten.
Gure tokiko unibertsotik, eta ikuspuntu lokalago batetik, uneko erreakzioak jaso nahi ziren. Hala, zortzi hilabete beranduago begirada atzera botatzean, galdera eta gidoi bera errepikatu dira, eta ikuspuntua nola aldatu den aztertu nahi izan da.
Mundua, eta baita Euskadi ere, orain artekotik erabat ezberdina izango da hemendik aurrera. Igandeko erreportajeak ezberdintasun hori zenbaterainokoa den ikertuko du. Hori zen orain dela zortzi hilabete egin zen galderetako bat, baina orain, bigarren olatu betean, ez da galdegin dugun kontu bakarra.
"En Tiempos de Coronavirus" lana 2020ko abenduan kokatuta dago, eta flash-back modura, apirila-maiatzera egingo du atzera, orduko gogoetak berriro jasotzeko eta protagonistek denbora honetan guztian izan duten garapena ezagutzeko.
Erreportajean zehar pentsamendu zahar eta berrien artean bidaiatuko du lanak, hilabete batzuk atzera esandako hori kontrastatu edo berresteko, etorkizuna hobeto ulertzen lagunduko duen gogoeta bat eraikitzeko asmotan.
Udaberrian egindako elkarrizketak modu telematikoan grabatu ziren: norbera bere etxean, eta mugikortasun murrizketa handiekin, telelanera azkar moldatu behar izan zuten elkarrizketatuek.
Udazkeneko elkarrizketetan, ostera, udaberriko protagonistetako batzuk berriro elkarrizketatzeaz gain, perfil ezberdinak ere batuko dira solasaldira. Orain arte, pandemiaren esperientzia gogor honetan zer ikasi eta ulertu duten, udaberriko gogoetak mantentzen dituzten edota pentsamendu horiek zertan aldatu diren azalduko dute.
Gogoeta horiek guztiak Euskaditik eginak izango dira, gauza bat argia baita: gure gizartea, erlazionatzen garen modua, ekoizten eta kontsumitzen dugun modua erabat aldatuko direla.
"En Tiempos de Coronavirus" erreportaje berezia gaur izango da ikusgai ETB2n.