Itxi

telebista

22:30ean

"#Basquexperience" turismo saioa, ostegunero, ETB2n eta eitb.eus-en

EiTB

Adela Gonzalezek gidatzen duen saioak turismoa izango du ardatz. Gaur gauean, "Made in Euskadi" eta "Enoturismo" atalak izango ditugu ikusgai.

  • Adela Gonzalez, "#Basquexperience" saioaren aurkezlea

    Adela Gonzalez, "#Basquexperience" saioaren aurkezlea. Argazkia: EiTB

Gaur gauean, ETB2k eta eitb.eus-ek Adela Gonzalezek gidatzen duen "#Basquexperience" saioa eskainiko du, denetariko esperientzia turistiko eta jasangarriak ardatz dituela.

Turismo Sailak sustatzen duen "#Basquexperience" programaren helburua gure lurralde eder honetan turismo aktiboa bultzatzea da. Badakigu eremu honetan dihardutenentzat eta beste sektore batzuetan ari direnentzat pizgarria dela turismoa; merkataritza, ekoizle txikiak, artisautza eta sormenaren alorrean ari diren enpresentzat, esate baterako.

Halaber, saioak sektore horietako garapenari eta jasangarritasunari loturiko turismo-eskaintza nabarmenduko du.

Pertsona ezagunek ere hartuko dute parte saioan. Anfitrioiak izango dira batzuetan, eta Adelarekin turismo esperientziak biziko dituzten gonbidatuak, beste batzuetan.

Sukalde kontuek ere izango dute tartea bertan. Hainbat alderditatik landuko du saioak gastronomia, eta hemengo sukalde eta lehengaien erakargarritasuna ikusgarri egingo du.

Sormenari tokia utziz, saio bakoitzean Adelak diseinuan adituak diren pertsonen arropak eta markak jantziko ditu. Besteak beste, Amarenak, Eder Aurre, Isabel Zapardiez, Mercedes de Miguel eta Ternua arropa-markak izango ditugu ikusgai.

"#Basquexperience" saioak turismoari buruzko bi saio eskainiko ditu ostegunero. Aste honetan, adibidez, "Made in Euskadi" eta "Enoturismo" atalak izango ditugu ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.

Lehen atala, "Made in Euskadi"

Gaur, euskal ukitua duten produktu eta esperientziak azalduko ditu saioaren lehen atalak. Adela Gonzalez Euskadin dasta daitezkeen kalitatezko eta 0 kilometroko produktuen bila abiatuko da.

Hasteko, Getarian kaiku tradizionalak berritu eta modernizatu dituen Amarenak markako arropak jantziko ditu Adelak, eta Oihane Pardo diseinatzailearekin antxoak ontziratzen ikasiko du Maisor Getariako tradizio handiko kontserba-enpresan.

Halaber, Bilboko komertzio eta denda txikietan barrena murgilduko da, eta bizartegi moderno batera joango dira Aitzol Atutxa aizkolariarekin batera. Amaitzeko, trufa edo boilur bila joango dira txakurrekin, eta Gasteizko Sukalki jatetxean bukatuko dute, bildutako trufak prestatu eta gustura dastatzeko.

Bigarren atala, enoturismoaz

Bigarren atalak Arabako Errioxako xarma erakutsiko du, txakolinaren munduan murgilduko da eta garai batean sagardoa nola egiten zen azalduko du, antzinako baserri dolarea erakutsiz.

Saioan, Oscar de Marcos Athleticeko jokalaria gidari izango dute Guardian, eta El Fabulista eta Solar de Samaniego upategiak bisitatuko dituzte.

Halaber, Bakioko Txakolinaren Museoan eta Gorrondona upategian, bertako euskal ardoaren berezitasunak ikasiko dituzte. Bestalde, Igartubeiti baserri dolarean, Olatz Mitxelena Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko kideak sagardoaren iraganaz eta orainaz hitz egingo du.