Itxi

telebista

1000 programa

"En Jake"k 1.000 programa beteko ditu gaur, ETB2n eta eitb.eus-en

EITB

Saioak azken bost urteetan bizi izan ditugun gertakari eta unerik garrantzitsuenak gogoratuko ditu ostiraleko emanaldi berezian.

  • "En Jake"k 1.000 programa bete ditu.

    "En Jake"k 1.000 programa bete ditu. Argazkia: EiTB

Gaur gauean, "En Jake" saioak 1.000 programa beteko ditu ETB2n, eta emanaldi berezia eskainiko du ospatzeko. Xabier Lapitzek aurkezten duen saioak azken bost urte hauetan bizi izan ditugun gertakari politiko eta sozial garrantzitsuenak errepasatuko ditu.

Horien artean, ETAren disoluzioa, Kataluniako procés auzia, hauteskundeak, zentsura-mozioa, huts egindako inbestidurak, koalizio gobernua, Altsasuko gertakariak, Zaldibarko zabortegiaren luizia eta, nola ez, egun COVID-19agatik dugun pandemia izango ditu saioak aztergai. Izan ere, "En Jake"k gertutik jarraitu ditu gertakari horiek guztiak, beti azken ordukoa eskainiz eta eguneroko albisteak aztertzeko gakoak emanez.

Ostiraleko saio berezian, aipatutako gertakari horiek gogoratuko dituzte bideoen bitartez eta datuak xehetasunez erakutsiz. Gainera, denbora luze honetan saioan parte hartu duten hainbat politikari, kazetari eta kolaboratzaileren agurrak bilduko dituzte; besteak beste, Andoni Ortuzar, Arnaldo Otegi, Miren Gorrotxategi, Gabriel Rufián, Pilar Rahola, Pello Salaburu, Ester Palomera eta Juanjo Alvarezenak.

Halaber, ez dituzte eguneko albisteak ahaztuko: batetik, bizi dugun krisi sanitarioaren azken ordukoa eskainiko dute, eta, bestetik, euskal panorama politikoari erreparatuko diote, hauteskundeak uztailean edo uda ostean izango diren argitu nahian. Horretarako, Xabier Lapitz aurkezleak Naiara Pinedo, Maite Ubiria eta Juan Muñoz solaskideak izango ditu mahaiaren inguruan.

Ostiraleko saioa, ohiko ordutegian, 11:30etik aurrera, izango da ikusgai ETB2n eta eitb.eus-en.

Audientziaren harrera bikaina

1.000 saio hauetan zehar, "En Jake"ren audientziak nabarmen egin du gora, eta ikus-entzuleen aukera gogokoenen artean kokatu da. Bosgarren denboraldi hau inoizko ikusiena izan da, eta, batez beste, % 10,4ko audientzia zatia eta 115.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan ditu.

Martxoan, Xabier Lapitzek gidatzen duen magazinak inoizko daturik onenak lortu ditu: % 12,6ko audientzia-zatia, batez beste. Halaber, koronabirusaren pandemiari egindako jarraipenari esker, bere audientzia-marka gainditzea lortu zuen martxoaren 12an, % 24,6ko kuotarekin.