telebista
22:30ean
"Bai, bagara!" dokumentala, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en
EiTB
Larraitz Zuazo zuzendari eta Iñaki Goirizelaia gidari duen filmak euskaldunon historian zehar bidaia proposatzen digu Amerikako Estatu Batuetan barrena.
Gaur gauean, Iñaki Goirizelaia gidari duen Bai, bagara! dokumentala izango dugu ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, 22:30ean. Bertan, Euskal Herriko Unibertsitateko errektore izandakoak euskal berezitasunaren inguruan hausnarketa egiten du, Amerikako Estatu Batuetan bizi den euskal komunitatearen urratsei jarraituz. Bidaia kolektibo eta pertsonala da, eta ikus-entzuleak haien bidaide bilakatuko dira.
Filmak gure balioak azaltzen ditu, euskaldunek AEBetara egindako emigrazioa jorratzen duen bitartean. Road movie honetan, ekintzaileen dozenaka istorio azaleratzen dira galdera honi erantzutea lortu arte: nortzuk gara?
Bai, bagara Woltiak Films Services ekoiztetxeak garatutako dokumentala da, eta EiTBren parte hartzea du. Begira taldeko Larraitz Zuazok zuzendu du lana, Iñaki Goirizelaiaren ideia pertsonal batetik abiatuta.
"Zenbat gera?", zioen Benito Lertxundiren kanta ezagunak. Galdera horri erreparatuz, Euskal Herriaren inguruko hausnarketari ekin zion Goirizelaiak. Nortzuk osatzen dugu euskal komunitatea? Euskal kultura bizi eta sentitzen duen orok, edonon daudela ere. Munduan barrena barreiatuta bizi diren euskaldunen artetik ezer gutxi dakigu Amerikara joan zirenek egindako ibilbideari buruz. Azken urteotan bertan antolatu diren jaiek zerbaitetan lagundu duten arren, euskal diasporaren errealitatea ezezaguna da guretzat.
Nortzuk dira pertsona horiek? Nola bizi dira? Ezagutzen al ditugu euren lorpenak eta sentimenduak? Nola bizi dute euskalduntasuna euren jatorrizko lurretatik milaka kilometrotara? Euskaldunon balioak jaso al dituzte arbasoengandik? Nola ikusten gaituzte? Pertsona horiek eta haien ingurua ezagutuz, euskaldunon iragana arakatu eta etorkizunera begira jarriko dira.
Dokumentala 2019. urteko azaroan estreinatu zen Zinebi festibalaren baitan eta ondoren ETBn emititu zen Euskararen Egunean. Orain, berriro ikusteko aukera izango da, gaur, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.