Itxi

telebista

22:00etan

'Margolaria' dokumentalaren estreinaldia, gaur gauean, ETB1en

EiTB

Mikel Urdangarinen sormen prozesuan barrena sartuko da Oier Aranzabal zuzendaria, Alain Urrutiaren margolanekin batera.

0:25
Mikel Urdangarin, 'Margolaria' dokumentalaren fotograma batean

ETB1ek Margolaria filma estreinatuko du telebistan gaur gauean. Oier Aranzabalen lehenengo film luzea da Margolaria, Mikel Urdangarin musikariari buruzkoa. Haren diskoaren titulu bera dauka dokumentalak, baina harago doa, "musikari batek bere sormen prozesuan zehar egiten duen bidaia" kontatzea baitu helburu. EiTBren partaidetzarekin sortutako pelikula da, eta 2018ko Zinemaldian estreinatu zuten, Zinemira sailean.

Dokumentala musikaria Londresera, Alain Urrutia margolariaren estudiora, margolan baten bila doanean hasten da. Momentu horretan, musikariaren beste bidaia ere hasten da: orain dela hogei urte irakasle lana utzi zuenarena, ziurgabetasunez betetako ibilbideari hasiera emateko. Bere inguruko jende gehienak ez zuen erabaki hori ulertu.

Buenos Aires, Edinburgh eta Japoniako Okinawa uhartean ere grabatu du pelikula Aranzabalek. Bi urteko lana izan da, bakarrik hasitakoa. Gero, "lagun eta lankide lantalde bikaina" batu zitzaion; Iker Treviño fotografian eta Martin eta Xabier Etxebarria gidoian, adibidez.

Publikoarekin bizitako momentuak, familiaren eta alboan dituen musikarien iruzkinak eta gogoetak daude pelikulan, baita isiltasunak eta txaloen osteko hutsunea ere.

Zuri-beltzean grabatuta dago pelikula. Erabaki erraza izan zen hori Aranzabalentzat, kontakizun osoan zeharreko margolanetan gris eskala erabiltzen baitu Urrutiak.

Ez galdu Margolaria filma, gaur, 22:00etan, ETB1en.