Itxi

telebista

22:00etan

'Kale edo Bale' umorezko saio berezia, gaur, ETB1 eta eitb.eus-en

EiTB

Sara Cozarrek eta Joseba Apaolazak aurkeztuko dute eta esketx bidez eguneroko bizitzako egoerak landuko dituzte. Bizilagunen inguruan arituko dira saio honetan.

0:27
Joseba Apaolaza eta Sara Cozar, 'Kale edo Bale' saioko aurkezleak

'Kale edo Bale' umorezko saio berezia eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek gaur gauean. Umore programa hau Suediako Elk Entertainment enpresak sortutako So Notok formatuan oinarrituta dago, eta dagoeneko hainbat bertsio egin dituzte, besteak beste, Holandan, Belgikan, Alemanian eta Australian.

Bertan, oso tonu naturalean, eta bulegoan lanean, kafea hartzen, paseatzen edota bazkaltzen dauden bi aurkezleek oinak ematen dituzte gero datozen esketxetarako. Aurkezleak Sara Cozar eta Joseba Apaolaza dira.

Guztiok eguneroko bizitzan bizi dugun egoera edota inguruneak hartzen ditu saioak ardatz eta ostegun honetan, bizilagunen inguruan arituko dira.

Beti ere topikoak lantzen dira, eta egoera horien aurrean, hainbat esketxetan jokabide egokia ala okerra egiten dugun ere aztertuko dute.

Esketxak honako aktoreek jorratuko dituzte: Jose Ramón Soroiz, Erika Olaizola, Tessa Andonegi, Asier Hormaza, Kepa Errasti, Asier Sota, Eriz Alberdi, Ainhoa Ayerbe eta Miren Gaztañaga.

Gidoi lanetan, berriz, Hiru Damatxoko taldea, Bira Produkzioak taldeko Mikel Alvarez, Iñaki Beraetxe eta Tessa Andonegi aritu dira eta zuzendaritzan Anartz Zuazua eta Kote Camacho.

'Kale edo Bale', gaur, 22:00etan izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.