telebista
22:15ean
'La red Villarejo: ¿Mafia y corrupción?', gaur gauean, '360º' saioan
EiTB
Jose Manuel Villarejo komisario ohiaren arrastoari jarraituko dio saioak. Ezkutuko espioia izan da gobernuen zerbitzura 40 urtetan, baita enpresari arrakastatsua ere.
-
Eider Hurtado '360º' saioko aurkezlea. Argazkia: EiTB
'360º' saioan, La red Villarejo: ¿Mafia y corrupción? erreportajean, Jose Manuel Villarejo komisario ohiaren arrastoari jarraituko diote. Ezkutuko espioia izan da gobernuen zerbitzura 40 urtetan, eta baita enpresari arrakastatsua ere. Saioa gaur izango da ikusgai, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.
Villarejo erortzearekin bat, horri eusten zion sarearen zatia agerian gelditu da: inputatuta dauden polizia buruzagiak, politikariak, epaileak, enpresariak eta kazetariak. Villarejok bi urte daramatza behin-behineko espetxealdian, eta beste bi luzatu diote. Horrela, Villarejok jositako sare horrek, bertan elkarrizketatutako pertsona batzuek dioten legez, mafia kutsurik duen aztertuko du saioak.
Público egunkariko Patricia López eta Javier Ayuso El País-eko zuzendariorde ohiak lehen aldiz eman zuten komisarioaren inguruko polizi eta hedabide tramaren berri. Ordainetan, ezerezean gelditu diren mehatxu eta kereilen biktima izan ziren. Villarejok babes garrantzitsuekin eraiki omen zuen gaizkile trama salatzen jarraitzen dute.
Eider Hurtado kazetariak zuzendu eta aurkezten duen saioak Villarejok idatzitako curriculuma lortu du, eta berak sortutako "super agente" profila aztertu eta desegiten saiatuko da. Berezia da, batik bat, Euskadin egindako ibilbidea. Terrorismoaren aurkako ekintza garrantzitsuenetan parte hartu zuela esan du, eta saioan hori egia ote den aztertuko dute.
Villarejoren lekukotzak Uruguaira eramango gaitu. Bertan hainbat negozio egin ditu, diru bereiziak erabilita. ETAren arrastoari jarraitzen ari zela ernaldutako negozioak dira, bere esanetan. Halaber, Victor Carrato Uruguaiko kazetariarekin harremanetan jarri dira. Kazetariak horren aberastasunen jatorria ikertu du, eta dirua desbideratu eta zuritzeko propio sortutako enpresei buruz mintzatu da.
Orobat, PISA txostena, polizia patriotikoak ustez Pablo Iglesiasen izena zikintzeko egindako txostena, ikertu du Villarejoren sumarioak. Podemosen buruak berak azalduko du nola sortu zen txostena.
Kolokan dago, halaber, epaile eta fiskal nabarmenen eta Rafael Redondo Villarejoren lagun minaren bazkideak zuzendutako eskola judizialak. '360º' saioak eskolako zuzendariarekin hitz egitea lortu du, eta, lehen aldiz, Redondoren abokatua hedabide batean bere bertsioa kontatzen ateratzea.
Berebat, Villarejoren enpresaren eta Espainiako enpresa handi eta ertainen arteko ordainagiriak erakutsiko ditu '360º' saioak.
Villarejori buruzko erreportajea, gaur, '360º' saioan, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.