telebista
Aurkezpena
EiTBk '40 taupada, herri bat' dokumentala aurkeztu du, Estatutuaren 40.urteurrenean
EiTB
Gernikako Estatutuaren 40.urteurrenaren ospakizunaren testuinguruan, Iñigo Urkullu lehendakaria buru duen ekitaldia antolatu du EiTBk.
Gernikako Estatutuaren 40. urteurrenaren ospakizunaren testuinguruan, '40 taupada, herri bat' dokumentala aurkeztu du EiTBk gaur (urriak 21) Bilboko egoitzan. Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan du ekitaldiak, eta harekin batera Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusia aritu da.
'40 taupada, herri bat' dokumentalak Gernikako Estatutuaren 40. urtemugaren atarian, Estatutuak emandako eskumenen azterketa eta errepasoa egin du hainbat esparrutako lagun esanguratsuen laguntzaz.
Iratxe Etxebarria Eusko Irratiko zuzendariordeak aurkeztutako ekitaldian, Gregorio Monreal UPV/EHUren errektore ohiak eta Txaro Arteaga Emakundeko zuzendari-ohiak ere hartu dute hitza, eta Euskadiko politikaren eta gizartearen ordezkaritza zabala bildu da. Guztiek, dokumentala ikusteaz gain, Kukai Dantza konpainiaren emanaldiaz gozatu ahal izan dute.
Dokumentalaren emanaldiaren amaieran, Lehendakariak Euskadik lortutako aurrerabidea nabarmendu du: "Aurrera egin dugu eta, hori, gure aurreko belaunaldiei zor diegu, gure eskubideak eta Autogobernurako gaitasuna berreskuratu eta defendatzeko borrokatu ziren pertsona guztiei". 40 taupada, herri bat dokumentalaren bidez aurrerabide hori sentitzeko aukera dugula adierazi du.
Lehendakariak autogobernuak euskal herriaren erakundetzean duen garrantzia azpimarratu du, baina, halaber, "gure herriaren taupadak aurrera jarraitzen duela" gogoratu du, Gernikako Estatutua betetzeko dagoelako.
Berebat, EiTB herri honek duen gaitasunaren adibide jarri du: "Venezuelako oihanean duela 70 urte jaio zen Radio Euskadi, gaur egun satelite bidez mundu guztira emititzen duen EiTB bilakatu da".
Bestalde, Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak esan du "Gernikako Estatutuaren bitarteko askatasun adierazpena sakontzeko eta euskara sendotzeko" sortu zela EiTB. "Estatutuari esker existitzen da euskal irrati-telebista publikoa, egun multimedia dena". Orobat, EiTB gabe euskal gizartea ezin duela imajinatu adierazi du Iturbek, "euskal gizartearen parte substantibo bat gara; substantiboak dira ere Kontzertu Ekonomikoa, Ertzaintza, Osakidetza, hezkuntza-sistema, kultura, euskara, eta bestelako eskura ditugun hainbat konpetentzia. Guztia Gernikako Estatutuan sustraitzen da".
Ekitaldian, besteak beste, honako hauek izan dira: instituzioen aldetik, Eusko Jaurlaritzako Josu Erkoreka bozeramailea eta Pedro Azpiazu, Cristina Uriarte, Nekane Murgia, Bingen Zupiria, Estefania Beltran de Heredia, Beatriz Artolazabal eta Maria Jesus San José sailburuak; Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko presidentea; Jesus Loza, Espainiako Gobernuaren Euskadiko ordezkaria; Ramiro Gonzalez, Arabako ahaldun nagusia; Ana Otadui, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea; Eider Mendoza, Gipuzkoako foru bozeramalea; Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea; Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea; Manuel Lezertua, arartekoa, eta Juan Diego, Osakidetzako zuzendari nagusia. Horiekin batera, EiTBko Administrazio kontseiluko kideak eta alderdi politiko ezberdinetako ordezkari eta legebiltzarkideak.
EiTBk antolatutako ekitaldira batu diren beste zenbait erakunde dira: EHU/UPV, Deustuko Unibertsitatea, Kazetarien Euskal Elkargoa, Eusko Ikaskuntza, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa, Innobasque, BEC, Itelazpi, Caixabank, Euskadiko Lan Sozietateak (ASLE), Euskadiko Zuzendari eta Profesionalen elkartea (ADPE), Confebask, UGT eta CCOO.
Gernikako Estatutua sinatu zela 40 urte betetzen direnean, auzolanean bizi nahi duen herria garela gogoratu du 40 taupada, herri bat dokumentalak. Iban Gonzalezek zuzenduta, Baleuko ekoiztetxeak ETBren partaidetzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin sortu du ikus-entzunezkoa.
Aste honetan izango da Euskal Telebistan ikusgai: ETB1en, urriaren 24an 22:00etan, eta ETB2n, urriaren 25ean, 22:15ean. Asteleheneko aurkezpen ekitaldia streaming bidez jarraitzeko aukera izan dugu eta hurrengo egunetan ere ikusgai izango da eitb.eus webgunean. Halaber, dokumentalaren telebistako bi emanaldiak webean ikusi ahal izango ditugu baita ere.
40 taupada, herri bat
Arin, presaka, azkar, bizkor bizi gara, gure bihotz taupadak arin doaz, baina ez diogu inguratzen gaituenari erreparatzen, ez dugu sentitzeko tarterik hartzen. Baina une batez, tartea hartuko bagenu?
Hori da, 40 taupada, herri bat dokumentalak proposatzen digun ariketa; une batez gelditzeko eskatzen digu, arnasa hartzeko eta gure gizarteak bizi duen ongizate maila baloratzeko.
Duela 40 urte abian jarritako Euskal Estatutuak hainbat eskumen eman dizkigu. Eskumen horiek gure egunerokotasunean barneratuta ditugu jada. Baina ba al dakigu zein onura ekarri dizkigun? Gure eguneroko abiadurak, herriaren taupadak entzutea galarazten digu. Gera gaitezen une batez, zer garen, eta nola bizi garen ikusteko. Euskadiko leku ezberdinetan, begirada subjektiboak ikusiko ditugu alboan dugunari begiratuz.
Dokumentalak irudikatuko duen herria, 10 eremu ezberdinez osaturik egongo da, aukeratutako Euskal Estatutuaren hamar eskumen ezberdinekin bat datozenak: hezkuntza, kultura, kirola, zaintza eta segurtasuna, garapen ekonomikoa eta ikerkuntza, osasuna, gizarte zerbitzuak, euskara, komunikabideak eta gizarte garapena.
Eremu bakoitzean murgiltzeko, elkarrizketa eta bizipen subjektibo bana jasoko ditu saioak. Parte hartuko duten gonbidatuen artean, besteak beste, Enrique Zuazua matematikaria, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendaria, Maddalen Arzallus bertsolaria, Jon Salvador atleta eta ertzaina, Joseba Aranzabal Osakidetzako Trasplanteen koordinatzaile nagusia, Sandra Ramajo Realako jokalaria, Xabier Uribe-Etxebarria ekintzaile eta Sherpa enpresako zuzendaria, Txaro Arteaga Emakundeko lehen zuzendaria, Telmo Irureta aktorea eta Jon Maya dantzari eta koreografoa ikusiko ditugu.