Itxi

telebista

22:30ean

'El Sabor del Crimen' saioaren estreinaldia, gaur gauean, ETB2n

EITB

Dani Alvarezek, Andrea Roperok eta Xabier Gutierrezek Euskadiko txoko ezberdinak arakatuko dituzte, zinemaren eta literaturaren bidez ezagun egin diren fikziozko krimenen ibilbideak jarraituz.

  • Xabier Gutierrez, Andrea Ropero eta Dani Alvarez, 'El Sabor del Crimen' saioaren aurkezleak.

    Xabier Gutierrez, Andrea Ropero eta Dani Alvarez, 'El Sabor del Crimen' saiaoren aurkezleak.

Astelehen honetan, uztailaren 8an, ETB2k 'El Sabor del Crimen' saioa estreinatuko du 22:30ean, Dani Alvarez eta Andrea Ropero kazetariek eta Xabier Gutierrez sukaldariak gidatuta. Arzak jatetxe ospetsuan sukaldaria da Xabier Gutierrez eta genero beltzeko eleberrigilea, noir gastronomikoaren adierazgarri diren El bouquet del miedo eta De entre el humo liburuen egilea, hain zuzen ere.

Euskadiko gastronomiak eta euskal sukaldarien karismak nazioarteko ospea dute. Azkeneko urteotan, ordea, genero beltza, bai literaturan zein zineman, boom berria bizitzen ari da gure artean. ETB2ko saioak genero beltza eta gastronomia uztartuko ditu formatu berritzaile honetan.

Danik, Andreak eta Xabierrek Euskadiko bazterretatik txangoak proposatuko dizkigute, zinemaren eta literaturaren bidez ezagun egin diren fikziozko krimenen ibilbideak jarraituz. Bidaiaren oinarri izan diren lanen egileek ere zer esana izango dute ibilbide bakoitzean.

Zergatik aukeratu zuen Eva Garcia Sainz de Urturik Gasteizko Katedral Zaharra bere El silencio de la ciudad blanca eleberri arrakastatsua kokatzeko? Zer harreman dauka Toti Martinez de Lezeak La herbolera eleberriaren kokalekua diren Durangorekin eta Anbotoko gailurrarekin? Zergatik aukeratu zuen Imanol Uribek Lekeitio La muerte de Mikel pelikula filmatzeko?

Amaitzeko, programaren atal bakoitzak ardatz hartu duen liburua edo filma oinarri duen jaki bat prestatuko du Xabier Gutierrezek eta egileari emango dio dastatzeko. Lortuko al du sukaldariak krimenaren zaporea islatzea?

Lehen atala, Gasteiz, Eva Garcia Saenz de Urturirekin

'El Sabor del Crimen' saioaren lehendabiziko atalean, Dani Alvarezek eta Xabier Gutierrezek Eva Garcia Saenz de Urturiren El silencio de la ciudad blanca obra hartuko dute ardatz. Gasteiztarrak idatzitako trilogiaren lehen atalaren milioi bat ale baino gehiago saldu dira mundu osoan.

Danik, Xabierrek eta Evak liburuan agertzen diren hainbat txoko interesgarri bisitatuko dituzte, besteak beste, Gasteizko Katedral Zaharraren kripta, Kordoi etxea edota Matxete plaza. Halaber, leku hauetan gertatutako istorioak, bitxikeriak eta fikziozko krimenak ezagutuko dituzte.

Gastronomiari helduta, Danik eta Xabierrek nobelaren arabera tortillarik goxoena dena dastatuko dute. Horretarako Senen Gonzalezen Sagartoki jatetxera hurbilduko dira. Bestalde, Bernedoko okinaren txoripan ikaragarrien sekretua ezagutuko dute.

Bestalde, Dani Alvarezek Paco Etxeberria auzitegi mediku eta antropologoarekin egingo du hitzordua. Nobelan, hiltzaileak erleak biktimaren eztarritik behera sartzen ditu, eta bien artean modus operandi hau aztertuko dute. Alberto Santana historialariarekin, aldiz, obran azaltzen diren beste paraje batzuk bisitatuko dituzte, tartean, San Vicentejoko Sortzez Garbiaren baseliza, eta Otxate, hustutakoko herria.

Bukatzeko, Xabier Gutierrezek El silencio de la ciudad blanca eleberrian oinarritutako platera prestatuko du, polinizatutako langostinoak. Gustukoa izango al du Eva Garcia Saenz de Urturi idazleak?

'El Sabor del Crimen' astelehenean estreinatuko da 22:30ean ETB2n eta eitb.eus-en.