telebista
Txirrindularitza zuzenean
Frantziako Tourra, larunbatetik aurrera, zuzenean, EiTBn
EiTB
Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak eta Pedro Mari Goikoetxeak, lasterketaren kontakizuna egiteaz gain, 'On Tour' saioa gidatuko dute ETB1en eta eitb.eus-en egunero.
Larunbatetik aurrera, Frantziako Tourra izango dugu ikusgai eta entzungai EiTBko hedabideetan (Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta eitb.eus-en). Horren aurretik, lasterketan parte hartuko duten taldeen aurkezpena eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek ostegun honetan, 17:00etan. Fermin Aramendi, Xabier Usabiaga eta Pedro Mari Goikoetxea arduratuko dira ekitaldi honen inguruko kontakizuna egiteaz, eta eurak izango dira baita ere 'On Tour' saioa gidatuko dutenak ostegunean aurkezpenaren aurretik eta ondoren, eta larunbatetik aurrera etapa bakoitzaren ondotik.
'On Tour' saioa egunero eskainiko da ETB1en eta eitb.eus-en. Italiako Giroaren inguruko 'Ez Da Giro!' saioa bezala, EiTBren Bilboko egoitzatik zuzenean egingo da, gonbidatu bereziak izango ditu eta kirol materialaren zozketa egingo dute ikus-entzuleen artean.
Aramendi-Usabiaga-Goikoetxea hirukoak izango du Tourreko emankizunen ardura telebistan eta Interneten. Egun gehienetan 14:30ean bat egingo dute lasterketarekin, baina etaparen arabera, aurretik eta ondoren ere izan daiteke. 15:00ak arte, hots, 'Gaur Egun' albistegia amaitu arte, ETB4n izango da ikusgai eta gero ETB1en.
Irratiei dagokionez, Euskadi Irratiak egunero 16:00etan hasita etaparen azken txanpa eskainiko du. Joxe Mari Apaolaza buru dela honako hauek osatuko dute berriemaile eta komentarista taldea: Jon Altuna, Txomin Perurena eta Mikel Astarloza. Asteburuan, berriz, 'Hiru Erregeen Mahaia'k emango du lasterketaren berri.
Radio Euskadin, halaber, egunero egingo diote tartea zuzenean Tourrari arratsaldean. Dani Egaña adituak eta Joseba Beloki txirrindulari ohiak, besteak beste, egingo dute etaparen kontakizuna, kirol erredakzioko lankideen laguntzaz.
Tour menditsua
Uztailaren 6tik 28ra bitartean jokatuko da Frantziako Tourra. Aurten, Brusela izango dute abiapuntu txirrindulariek eta hirugarren etapan, Belgika utzi eta Frantzian sartuko dira. 106. edizioa menditsua izango da, 30 mendate gainditu beharko dituzte txirrindulariek, eta horietako seik 2.000 metrotik gora dituzte.
Erlojuaren kontrako 27 kilometroko bi etapa egongo dira, bat taldeka eta lasterketaren bigarren egunean Bruselako kaleetan zehar; beste erlojupekoa Paueko kaleetan zehar jokatuko da.
Aurtengo Tourra irabazteko hautagai asko daude, Geraint Thomas eta Tom Dumoulin, esaterako, faborito nagusiak dira, baina podiumean egoteko Nairo Quintana, Mikel Landa, Egan Bernal eta Richie Porte, besteak beste, aipatu behar dira ere.
Mikel Landarekin batera, beste sei txirrindularik osatuko dute euskal ordezkaritza: Pello Bilbao, Gorka Izagirre, Omar Fraile, Imanol Erviti, Jonathan Castroviejo eta Romain Sicard. Horiei guztiei jarraipen berezia egingo die EiTBk.