telebista
22:00etan
'Altsasu: heridas abiertas' erreportajea eskainiko du, gaur gauean, '360º' saioak
EiTB
TV3k egin duen erreportajeko lantaldea Altsasun izan da kartzelan dauden gazteen gurasoekin, lagunekin eta auzokideekin, eta baita ETAren biktimekin ere.
-
'360º' saioko irudia.
Eider Hurtadok aurkezten duen '360º' saioak TV3k egindako Altsasu: heridas abiertas erreportajea eskainiko du gaur gauean. Erreportajearen lantaldea kartzelan dauden gazteen guraso, lagun eta auzokideekin eta ETAren biktimekin izan da. Albert Segura eta Anna Sanmarti zuzendari eta errealizadore dituen lanak, Altsasutik bertatik, euskal bake prozesuaren etorkizuna, oinarrizko eskubideei eta askatasunari erasoak, eta Kataluniarekin ematen diren paralelismoak aztertu ditu. Horretarako, hainbat buruzagi politiko eta sozial, ETAko preso ohiak, polizia sindikatuak eta bitartekariak elkarrizketatu dituzte.
Adurrek, Oihanek eta Jokinek dagoeneko 800 egun egin dituzte kartzelan tabernako liskar baten ondorioz. Altsasu Kasuak erakusten du zauriak oraindik zabalik daudela, euskal bake prozesuak izan duen bilakaera bestelakoa izanik ere: ETA desegin egin da eta armak utzi ditu, eta 9 urte dira hilketarik egin ez duela. Haatik, badirudi jende guztia ez dagoela prest iragana atzean utzi eta adiskidetzea eta elkarbizitza errazteko.
Zerbitzuz kanpo eta kaleko jantzita zeuden guardia zibil batzuekin jaietan izandako istiluak kartzela zigorrak ekarri dizkie Nafarroako Sakanako zortzi gazteri, kasu batzuetan 13 urtera iristen diren zigorrak. Lamela epaileak eta Entzutegi Nazionaleko fiskaltzak terrorismoa leporatu diete. Estatuko botere batzuk ez al daude prest 'Dena ETA da' doktrinaren etekinei uko egiteko? Eta hori lortzeko ezinbestekoa bada, zigor kodea behartzeko gai al dira? Gizartearen zati batek mendekua hartu nahi al du? Balizkoa ote da irabazle eta galtzailerik gabeko bakea?
'Zenbat urte, zenbat belaunaldi pasa behar dira zauriak ixteko, nazioarteko aurrekariak kontuan hartzen baditugu?' Honako hauek erantzungo diote, besteak beste, Brian Currin Hegoafrikako, Ipar Irlandako eta Kolonbiako bake prozesuen bitartekariak egindako galdera horri: Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Elkarbizitza eta Giza Eskubideen zuzendariak eta Paco Etxeberria auzitegiko medikuak. Indarkeriarik gabe edozeri buruz hitz egin daitekeenaren promesa egia ote da? Gai honi buruzko iritzia emango dute Foro Sozialeko eta Sareko kide diren Agus Hernan eta Joseba Azkarragak. Azken hau, Ibarretxerekin Justizia sailburu izan zen.
Altsasu: heridas abiertas erreportajeak ETAko indarkeriaren biktimen lekukoak ere jaso ditu: Consuelo Ordoñezena, Altsasuko kasuan auzi-jartzaile dena, eta Concepcion Fernandezena, herritik joan behar izan zuen guardia zibilaren alargunarena, esaterako. Haatik, torturak eta errepresioa jasan duten beste lagun batzuen hitzak ere bilduko dituzte: Galder Gonzalez, Juan Kruz Aldasoro eta Felix Alzelai, ETAko kide izateagatik kartzelatutakoa. Dokumentalaren lantaldea Altsasuko ikastolan izango da Nekane Zubizarreta kartzelan dauden gazteen andereñoarekin, eta baita herriko Guardia Zibilaren kuartelean ere, Ramon Rodriguez ordezkari sindikalarekin. Azkenik, OSPA Estatuko seguritate indarrak Nafarroatik joatea nahi duen plataformako kideekin egongo dira.
'360º' saioa 22:00etan izango da ikusgai ETB2n eta eitb.eus-en.