Itxi

telebista

ETB2n, 22:10ean

Frankismoaren mapa Euskadin, gaur, '360º' saioan

EiTB

Euskadi Francoren diktaduraren aurka zegoen arren, aldekoak ere izan zituen. Horien inguruan ikertuko du Eider Hurtadok.

  • Eider Hurtado '360º' saioko aurkezlea.

El mapa del franquismo en Euskadi izenburuko erreportajea dakarkigu gaur gauean '360º' saioak, 22:10ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Bertan, Francoren diktadurarekin kolaboratu zuten herri eta pertsonen inguruan arituko zaigu Eider Hurtado kazetaria.

Getxoko Neguri auzoan hasiko dute ibilbidea, Pedro Ibarra lagun dutela. Bere familia diruduna zen arren, erosotasunak alde batera utzi eta kanpotik erregimenaren aurka borrokatzea erabaki zuen. Inguru hartan bizi izan ziren botere handiko zenbait familiaren etxe dotoreak erakutsiko dizkigu: Ybarra, Oriol, Areilza, Aresti…

Erregimenari aurre egin zien klase altuko familiak ere izan ziren, Ramon de la Sotarena, adibidez. Euskal nazionalismoarengatik gertu egoteagatik ondasun guztiak kendu zizkieten

Donostiako Aiete Jauregira sartuko dira. Bertan egiten zituen ministro kontseiluak Francok. Botere politiko, ekonomiko eta intelektualen aldetik jaso zituen babesak gogoratuko dituzte, eta 'Cara al Sol' abestiaren sortzailea Juan Telleria zegamarra izan zela ere bai.

'360º' saioak Frankismo garaian kargu publikoak izan zituzten politikariak elkarrizketatzea lortuko du: Jaime Ignacio del Burgo senatari eta diputatu ohia eta Marcelino Oreja politikari eta diplomatikoa, besteak beste.

Jose Maria Aznar Espainiako presidente izandakoaren jatorri nafarraz ere mintzatuko dira. Bere aita eta Etxalarren jaio zen aitona Francoren esanetara aritu ziren.

Paco Letamendiak, ikuspegi historikoa eskaintzearekin batera, bere kasu pertsonalaren berri emango du erreportajean. Familia erregimenaren aldekoa zen eta horrek talka ideologiko handia sortu zion.