telebista
20:00etan
'Historias a Bocados' Ispasterren egongo da gaur
EITB
Hung Faik Bizkaiko herri honetako biztanleen istorioak ezagutuko ditu; Enrique Zabaleta, María Jesus Uranga eta Natacha Picazarenak, tartean.
Larunbat honetako 'Historias a Bocados' saioan, Hung Fai sukaldariak Ispaster bisitatuko du, bertako biztanleen istorio bitxienak ezagutzeko. Hasteko, Enrique Zabaleta 58 urteko bitxigilearekin egongo da. Bizitzan hainbat lanbide izan ditu Enriquek: txirrindulari talde bateko masajista izan zen, eta zesta-puntako jokalari profesionala ere bai. Enriquek bere bizipen harrigarrienak kontatuko dizkio Hung Fai sukaldariari, itsaskiez beteriko platera jaten duten bitartean: kokotxak txirla, lanperna eta langostinoekin.
Maria Jesus Urangak, berriz, ile-apainketa du ogibide, baina sukaldari lanetan ibilia da Eivissako jatetxe batean eta Gernikako taberna batean. Sukaldean aritzeko duen trebezia erakutsiko dio Hung Fairi, eta txipiroiak beren tintan prestatuko dizkio.
Amaitzeko, Hung Faik Natacha Picaza ezagutuko du. 55 urteko bilbotar honek maitasun istorio batengatik amaitu zuen Ispasterren bizitzen, eta goitik behera aldatu zuen bere bizimodua: hiriko bizitza ahaztu eta baserrian lan egiten ikasi zuen. Bere bizitzako hainbat kontu azalduko dizkio Hung Fairi, eta bere errezeta propioa duen tarta berezia prestatuko dio.
'Historias a Bocados' gaur izango da ikusgai, 20:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.