telebista
20:00etan
'Historias a Bocados' saioa Zestoako Lasao auzoan izango da gaur arratsaldean
EiTB
Aurretik, Hung Fai sukaldariak Azpeitia eta Lasao batzen dituen baporezko trenaren gidariarekin egingo du hitzordua Azpeitian.
Gaur arratsaldean, 'Historias a Bocados' saioak Zestoako Lasao auzora txangoa egingo du. Aurretik, ostera, Hung Fai sukaldaria Azpeitian egongo da, Burdinbidearen Euskal Museoan. Bertan, Juanjo Olaizola zuzendariarekin egingo du hitzordua. Olaizola Azpeitia eta Lasao batzen dituen baporezko trenaren gidaria ere bada.
Halaber, San Millango markesen jauregiaren iragana ezagutuko du Hung Faik. 72 urte dituen Jesus Mari Arroitaonaindiak asko daki jauntxo horien inguruan, bere gurasoek horientzat egin zutelako lan. Aitak (markesen txoferra) eta amak (neskamea) jauregian ezagutu zuten elkar.
Trukuman baserrian bizi den Maria Angeles Errazti izango da hirugarren historiaren protagonista. Lasaoko bizilagun hau sendalari ospetsuaren biloba da. Iraganean, baserria belarrekin eta beste sendabide batzuekin osatzen zuen sendalaria bisitatzera zihoan jendez betetzen zela kontatuko du Erraztik.
'Historias a Bocados' larunbat eta igandeetan izaten da ikusgai, 20:00etan, eitb.eus-en eta ETB2n.