Itxi

telebista

Kirolak zuzenean

Atletismoa, futbola, pilota eta txirrindularitza, gaur, zuzenean, EiTBn

A.A.| EiTB

Martin Fiz Maratoia, Athletic-Albacete partida, Ikaztegietako pilota jaialdia eta Giroko 3. etapa.

Kirol eskaintza betea dakarte ETB1ek eta eitb.eus-ek igande honetarako, zuzeneko lau emanaldirekin.

Italiako Giroko 3. etapa izango dugu eguneko lehen hitzordua. Beer Sheva-Eilat ibilbidean gertatzen denaren berri emango dute Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak eta Alfontso Arroiok. 11:25ean hasiko da emanaldia ETB4n eta 15:00etan ETB1era pasako da.

12:00etatik aurrera Emakumeen Iberdrola Ligako Athletic-Albacete norgehiagoka izango dugu ikusgai Naxari Altunaren eta Larraitz Lukasen kontakizunarekin. Goizean zehar, Gasteizen jokatuko den Martin Fiz Maratoiaren ingurukoak ekarriko dizkigu Xabier Anduezak 11:30ean hasita.

Azkenik, 17:00etan Ikaztegietako pilotalekuarekin bat egingo dute. Promozio Txapelketako Erasun-Urretabizkaia partidarekin hasiko da jaialdia. Ondoren, Jaka-Merino II / Irribarria-Erostarbe neurketa jokatuko da. Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Elena Azpeitia izango ditugu berriemaile.

Bestalde, 11:00etan herri kirolen tartea zabalduko dute Zarauzko Bi Harri Txapelketa eskaintzeko. Ibon Gaztañazpi arduratuko da kontakizunaz.