telebista
22:30ean
Espainiako errege ohia izango du hizpide, gaur gauean, '7 Días' saioak
A.E.|EiTB
Juan Carlos I.ari buruz mintzatuko dira Iñaki Anasagasti eta Jaime Peñafiel ostiraleko saioan.
-
Juan Carlos I errege ohia. Argazkia: EFE
Gaur gauean, '7 Días' saioan, Espainiako errege ohia izango dute hizpide Iñaki Anasagastirekin eta Jaime Peñafielekin, urtarrilaren 6ko Pazko Militarreko ekitaldietan agertu zela aitzakiatzat hartuta.
Felipe VI.a erregeak trantsizioaren egile gisa aipatu zuen aita bere hitzaldian. Zergatik egin diote omenaldi hau, justu 80 urte bete dituenean? Azken urte hauetako istiluek ilundutako Juan Carlos I.aren irudia nabarmendu nahi al dute? Monarkia auzitan ote dago kataluniarren erronka dela eta? Galdera horiek erantzuten saiatuko dira Anasagasti eta Peñafiel aste honetako saioan.
Halaber, adin txikikoekin zerikusia izan duten azken berrien karietara, norbait 14 urterekin delituzko ekintzen arduradun izan ote daitekeen galdetuko dute, adin horretatik beherakoei ezin baitzaie deliturik egotzi. Hezitzaileek, gazteek eta adituek, Javier Urra auzitegiko psikologoa tarteko, iritzia emango dute.
Berebat, '7 Días' saioko ohiko mahaian, Itziar Gorospek, Isabel Camachok, Maite Ubiriak, Eduardo Azurmendik eta Eduardo Porterok programaren gai nagusiak aztertuko dituzte.
Bestalde, aste honetan albiste izan diren beste gai batzuei ere erreparatuko diete: De Miguel auziko epaiketaren hasiera, Ajuria Eneko Ituna sinatu izanaren 30. urtemuga eta Artur Masek PDeCat alderdiko presidente izateari uko egin izana.
'7 Días' 22:30ean izango da ikusgai ETB2n eta eitb.eus-en, Estibaliz Ruiz de Azuak eta Arantza Ruizek aurkeztuta.