Itxi

telebista

Audientzia

Urrutikoetxea-Altuna III, azken lau urteetako finalik ikusiena

EITB

Gainera, 'Herri Txiki, Infernu Handi', 'Oholtzan' eta 'Go!azen' saioek audientziaren harrera bikaina izan zuten asteburuan.

Lau t'erdiko txapelketako finalaren zuzeneko emanaldia igande arratsaldeko saiorik ikusiena izan zen, %25,0ko audientzia zatiarekin eta euskaldunen arteko %43,9ko kuotarekin. Jokin Altuna gipuzkoarra 21-22 emaitzarekin gailendu zitzaion Mikel Urrutikoetxea faborito nagusiari Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Azkeneko lau urteetako finalik ikusiena izan zen eta 340.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zuen Euskadin eta eragin eremuan.

Bestalde, 'Herri Txiki, Infernu Handi', 'Oholtzan' eta 'Go!azen' saioek audientziaren harrera bikaina izan zuten asteburuan ETB1en.

Igande gauean Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik Ormaiztegira egindako bisitak %5,0ko audientzia zatia eta euskaldunen arteko %13,4ko kuota bereganatu zituen. Berebat, 119.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zuen Euskadin eta eragin eremuan.

Larunbat gaueko 'Oholtzan' saioak %4,4ko audientzia zatia lortu zuen, publiko euskaldunaren artean, %7,7ko kuota bereganatuz. Mariatxiak eta Irungo Musika Banda Donostian emanaldiak 151.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zuen Euskadin eta eragin eremuan.

Amaitzeko, ostiraleko 'Go!azen' telesailaren emanaldiak %4,8ko audientzia zatia eta euskaldunen %13,5eko kuota lortu zituen. Halaber, haur eta gaztetxoen artean audientzia-buru izan zen: 4-12 urte bitarteko haurren artean %46,2ko kuota bereganatu zuen, eta 13-18 urteko gazteen artean %33,5ko audientzia zatia.