telebista
Javi Sierrak aurkeztuta
Deba ibaiko ertzean dauden lau jatetxe, 'Juego de Cartas' saioan
EITB
Lasa, Arrate, Etxe Aundi eta Belaustegi Baserri Jatetxea izango dira atal honetako protagonistak.
Deba ibaiaren ertzean kokatuko da gaur gauean 'Juego de Cartas' saioa, eta bertako lau jatetxe hartuko ditu protagonista, Leintz Gatzagan hasi, Oñati eta Bergara igaro, eta Elgoibarrera iritsi arte.
Asteleheneko abentura Bergaran hasiko da, Lasa jatetxean. Historia luzea du Koldo Lasaren jatetxeak, eraikinaren aurreko zelaian gertatu baitzen Lehen Gerra Karlistaren amaierako 'Bergarako Besarkada' famatua.
Hurrengo geldialdia Arrate jatetxean egingo dute, Leintz Gatzagan. Begoña Plazaola jabeak defendatuko du jatetxea, sukaldean bere ahizpa Belenen laguntza duela.
Ondoren, Oñatiko Etxe Aundi jatetxera joango dira. Bertan, Marga Romariz jabeak txikitatik ostalaritzan izandako esperientzia eta bizipenak azalduko ditu.
Asteleheneko menua Belaustegi Baserri Jatetxean amaituko dute, Elgoibarren. Josu Mugerza karisma handiko jatetxearen jabeak bere lanbidearen nondik norakoak azalduko ditu.
Lehiakideek egingo dituzte epaile lanak, eta euren artean hoberena nor den erabakitzeko, bost ezaugarri izango dituzte aztergai: espazioa, azpiegitura eta sukaldearen antolamendua, menua, zerbitzua eta kalitatearen eta prezioaren arteko harremana. Javi Sierra aurkezleak ere emango du botoa.
'Juego de Cartas' 22:30ean hasita izango da ikusgai, ETB2n eta eitb.eus-en.