Itxi

telebista

Gaur, ETB1en eta ETB2n

Jose Luis Rebordinosekin, Zinemaldiaz, 'EiTB Kultura Transit' saioan

A.A. | EiTB

Bere eguneroko lana erakusteaz gain, aurtengo edizioko egitaraua aletuko digu.

Zinemaldia hasi bezperan, 'EiTB Kultura Transit' saioa Jose Luis Rebordinos zuzendariarekin bilduko da gaur. Bere eguneroko lana nolakoa den erakutsiko digu, eta aurtengo edizioko nobedade eta hitzordu garrantzitsuenak aletuko ditu.

Rebordinosek zazpigarren urtea du Zinemaldia zuzentzen. Lan neketsua izanagatik ere, eskaintza zabala eta osoa prestatzea du helburu, Donostia zinema munduan gertatzen denaren erakusleiho izan dadin. Film entretenigarri eta komertzialekin batera, proposamen berritzaileak eta urratzaileak ikusiko ditugu. Aurten, gainera, tarte berezia eskainiko zaio komediari.

Zinemaldiaren historian hirugarrenez, euskarazko film bat lehiatuko da Sail Ofizialean: Handia. Horrekin batera, beste hamahiru euskal ekoizpen proiektatuko dira hainbat sailetan.

Aurten, berrikuntza modura, zenbait telesail izango dira ikusgai Zinemaldiaren barruan, eta Donostia sariak ematerako orduan egon den ikuspuntu aldaketa ere nabarmendu behar da. Zinemaldira joango diren 175.000 ikus-entzuleak etxean bezala sentiaraztea da Rebordinosen helburua.

Aste honetako 'EiTB Kultura Transit'eko sortzaile protagonista ere, Zinemalditik etorriko zaigu. Iñigo Garcia zumaiarrak bere lehen film luzea aurkeztuko du Zinemira sailean, Bi txirula, eta lan horretako bi protagonistak ere hartuko ditu: Jon Elizalde eta Iker Hazas.

'EiTB Kultura Transit' ostegun gauetan izaten da ikusgai ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskal Telebista