Itxi

telebista

Txirrindularitza

Burgosko Itzulia, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en

EITB

Fermin Aramendik eta Mikel Astarlozak egingo dute lasterketaren 39. edizioaren zuzeneko emanaldiaren kontakizuna gaurtik larunbatera bitartean.

0:18

Euskal Telebistak zuzenean eskainiko du Burgosko Itzuliaren 39. edizioa. Lasterketa Burgosen hasiko da gaur (abuztuak 1) eta Neilako aintziretan amaituko da larunbatean (abuztuak 5). ETB1ek eta eitb.eus-ek lasterketarekin bat egingo dute egunero, 15:30ean, etapa bakoitzaren azken kilometroak eskaintzeko. Fermin Aramendi esatariak Mikel Astarloza txirrindulari profesional ohiaren laguntza izango du zuzeneko emanaldien kontakizuna egiteko.

Bost etapen ibilbideak guztira 760 kilometro izango ditu, eta txirrindulariek 13 mendate igo beharko dituzte: hirugarren mailako bederatzi mendate, bigarren mailako bat, lehen mailako beste bat eta maila bereziko bi.

Burgosko Itzuliko bost etapak

Itzuliko lehen etapak El Castillo gainean amaituko den 151 kilometroko ibilbidea izango du, eta bigarrena, 153 kilometrokoa, abiadura handiko txirrindularientzat aproposa, Beloradon bukatuko da.

Hirugarren jardunaldian, etaparik luze eta gogorrena egin beharko dute txirrindulariek. 173 kilometroko ibilbidean, hirugarren mailako sei mendate igo beharko dituzte, Picon Blanco (maila berezikoa) igo aurretik, itzuli honetan lehen aldiz.

Laugarren etapa, 147 kilometrokoa, Cluniara helduko da, eta mendaterik gabeko etapa bakarra izango da. Itzulia Neilako aintziretan amaituko da, bosgarren etapan, 136 kilometroko ibilbidea egin ondoren.