telebista
Arrauna eta txirrindularitza
Donostiako Klasikoa lasterketa eta Getxoko Ikurrina, gaur, zuzenean EiTBn
A.A. | EiTB
Txirrindularitza probaren emanaldia 15:00etan hasiko da, eta estropadak, 18:00etan.
Donostiako Klasikoa zuzenean izango dugu ikusgai gaur ETB1en eta eitb.eus-en, 15:00etatik aurrera. Fermin Aramendi eta Xabier Usabiaga arduratuko dira kontakizunaz, eta Alfontso Arroiok mototik jarraituko du proba.
Donostiako Klasikoaren 37. edizioko ibilbideak zortzi mendate ditu: lehen mailako bat, Jaizkibel (birritan); bigarren mailako lau, Iturburu, Arkale (birritan) eta Murgil; eta hirugarren mailako bi, Meaga eta Alkiza.
Urtero bezala, punta-puntako txirrindulariek hartuko dute parte bertan: Tom Dumoulin (Sunweb), Mikel Landa eta Mikel Nieve (Sky), Alberto Contador (Trek), Daniel Martin eta Julian Alaphilippe (Quick Step), Tony Gallopin (Loto), Thibaut Pinot (FDJ), Rigoberto Uran (Cannondale), Greg van Avermaet (BMC) eta Luis Leon Sanchez (Astana), besteak beste. Haimar Zubeldia usurbildarrak bere azken lasterketa izango du Donostiakoa, profesional gisa.
18:00etan, berriz, arraunaren txanda izango da. Getxorekin bat egingo dute ETB1ek eta eitb.eus-ek Eusko Tren eta Eusko Label ligetako beste jardunaldi bat eskaintzeko. Mikel Olazabal, Ibon Gaztañazpi eta Sara Gandara izango dira Getxoko Ikurrinaren berri emateko arduradunak.
Bestalde, 12:00etan zesta-puntari egingo diote tartea ETB4n eta eitb.eus-en, Berriozarko sariko finalak eskaintzeko. Xabier Larrañaga eta Felix Espilla izango dira esatariak.