Itxi

telebista

Lankidetza hitzarmena

ETB, Kontxako Banderaren telebista

A.E. | EiTB

EiTBk eta Donostiako Udalak aurkeztutako lankidetza hitzarmenaren arabera, ETBk oso-osorik eskainiko ditu Kontxako estropadak aurten eta hurrengo hiru urteetan.

Astearte honetan, uztailaren 11n, Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak eta Eneko Goia Donostiako alkateak Kontxako Banderaren inguruko lankidetza hitzarmena aurkeztu dute. Hartara, aurten eta hurrengo hiru urteetan, ETBk zuzenean eskainiko ditu Kontxako estropadak.

ETBrekin batera, EiTB komunikazio taldeko eitb.eus-ek, Radio Euskadik eta Euskadi Irratiak oso-osorik emango dute irailean Kontxako badian izango diren proben berri. Sailkapen probak eta estropadako bi jardunaldiak, emakumezkoena zein gizonezkoena, zuzenean eskainiko dira EiTBn.

Mikel Olazabalek, Ibon Gaztañazpik, Sara Gandarak eta Xabier Anduezak emango dute irailaren 3an eta 10ean jazotzen den guztiaren berri ETBrentzat. Beste behin, Euskal Telebistak jarraipen zehatza egingo du emanaldia eskaintzeko. Lantalde handia eta baliabide tekniko asko erabiliko dituzte arraun proba ikus-entzuleei ahal den gertuen eta osoen eskaintzeko.

Ekoizpen guztia HD kalitatean egingo da. Katamaranean eta helikopteroan, kamera geoestabilizagailu bereziak izango dituzte; traineruetan, urrutitik kontrolatutako sei minikamera; eta kaian, protagonistei jarraitzeko kamera autonomoa erabiliko dituzte. Halaber, traineruen arteko distantzia GPS bidez neurtuko dute, eta haririk gabeko audioa izango da traineruetan.

Eneko Goia Donostiako alkateak EiTBri Kontxako Banderarekin agertutako konpromiso eta parte-hartzea eskertu dio. Hiriarentzat kirol probak berak eta telebista, irrati eta Internet bidez emateak duen garrantzia azpimarratu du.

"EiTBri esker -esan du- milaka eta milaka lagunek gozatu dezakete Donostiako badian jokatzen den lehiaketa ikusgarriaz, eta horrek gure hiriari nabarmentasuna ematen dio". Goiak EiTB eta Kontxako Banderaren arteko lankidetzak urte asko iraun dezan gogoa agertu du, "arraunarentzat eta Donostiarentzat ona izango delako".

Orobat, Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusia pozik agertu da sinatutako itunarekin, eta lankidetza eskertu dio Donostiako Udalari. "Hitzarmenak, Kontxako Banderaren antolatzaile den Donostiako Udalarekin dugun harremana sendotu du, eta ETBk estropadaren telebista izaten jarraituko duela bermatu du. Berebat, ituna oso garrantzitsua da zerbitzu publikoa eskaintzea helburu duen telebista batentzat eta, era berean, berezitasunen artean euskal kultura zabaltzea xede duen telebistarentzat", azaldu du.

Azkenik, Iturbek telebista emankizunaren ikuspegitik probak duen garrantzia azpimarratu du: "Kontxako Bandera, puntako gizarte, kultura eta kirol ikuskizuna izateaz gainera, Euskal Telebistarentzat erronka eta mugarria da ikus-entzunezko erretransmisio gisa. Lankidetzari esker, estropada arrakastatsua izateko erraztasunak eman, eta eskura dituzten baliabideak  eskaintzen dizkigute. Eta gu saiatzen gara urtez urte proba geroz eta txukunago eta hobeto ematen. Ahalegin horren ondorioz, estropadari gure kalitate marka utzi diogu".